argia.eus
INPRIMATU
X Alderdia sortu dute M15 mugimenduko hainbat kidek
  • Gizarte mugimenduetan (bereziki M15 mugimenduan) aritutako eta kultura eta software librearen aldeko 90 bat lagunek urtebete daramate proiektu berri bat prestatzen: X Alderdia (Partido X-Partido del Futuro). Joan den abenduaren 17an alderdi politiko gisa eman zuten izena Espainiako Barne Ministerioan eta gaur Interneten egingo dute aurkezpena. Wikigobernua, lege proiektu herritarrak, herritarren parte-hartze zuzena eta gardentasuna dituzte ildo nagusietakoak.

ARGIA @argia 2013ko urtarrilaren 08a
X alderdiaren aurkezpen irudia.

Demokrazia eta kito, horra beraien lema. Lan tresna nagusia Internet izatea dute helburu, eta gestio politikoan herritarrek zuzenean parte hartzeko beste hainbat lekutan izan diren esperientziak (Brasilen edo Islandian, esaterako) Espainiako Estatuan errepikatu nahi dituzte. "Demokrazia papurrak ez dira nahikoak", diote, era anonimoan, ez baitu inork izenik eman nahi izan oraingoz. "Ez dugu alderdien logika pertsonalistan erori nahi".

Gizarte mugimenduekin lan egitea dute abiapuntu eta ez dute euren burua ez ezkertiar ez eskuindar definitzen, ideologia bat baino, metodo bat aldarrikatzen dutelako: "Jokatzeko modu irekia, horizontala, gardena, kooperatiboa eta errespetuzkoa".

Duela egun batzuk alderdi berriaren sorrera jakin zenetik, kritika ugari jaso dituzte Interneten. Horri buruz galdetu diote alderdiko kide anonimo bati eldiario.es-en eta kritikak ongietorriak direla erantzun du X alderdikideak: "Kritika asko egon dira eta hori osasungarria da. Guk alderdi politikoekiko mesfidatza baldin badugu, gureganako mesfidantza ere eskertzekoa da. Normala da, eremu liskartsuan sartu gara".