argia.eus
INPRIMATU
Txinako Hubein garraioak berriz normaldu eta Wuhanen ere erabateko itxialdia arintzen hasi dira
  • Koronabirusa azaldu zen Wuhango herritarrek udaberriaren hasierako datarekin jakin dute hilabeteotan beren bizimoduak zorrotz mugatu dituzen baldintza pittin bat arinduko dizkiela gobernuak. Egia da, hala ere, oraindik Europan konfinamendua deitzen duguna baino gogorragoa dela Wuhanen ezarritako itxialdia. Wuhan hiriburaz at, gainerako Hubei probintzian (60 milioi biztanle) garraiabideak libre izango dituzte asteazkenetik.

ARGIA @argia 2020ko martxoaren 24a
Wuhan hirian karrika bateko hesiak kentzen martxoaren 23an. (Argazkia: China Daily)

Txinan Covid-19ak kalterik handienak eragin dituen Hubei probintzian asteazkenetik bidaiariek bezala garraiolariek mugimenduak libre izango dituzte. Mugarik gabe, baina baldintza zorrotz batekin: bidaiariak derrigor eraman behar du Covid-19 birusetik garbi dagoela dioen agiri medikua. Hesi kentze handi horretan salbuespena Hubeiren hiriburua bera izango da, Wuhan, izurriaren epizentroa hasiera batean.

Baina Wuhanen ere Wuhanen hasi dira konfinamendu neurrien arintzearen lehen ondorioak ikusten, The Guardian egunkariarentzako Lily Kuo kazetaria Shanghaitik idatzi duenez.

Astelehenean, 23, talde txikiak ikusi dira Wuhango komertzioetara joaten eta kaleetatik ibiltzen aspaldiko partez. Asteburuan tren batek ekarri ditu 1.000 langile bertako fabriketan berriro hastera. Lekuko agintariek igandean jakinarazi zien heritarrei lanera itzuli ahal izango dutela baldin eta ez badaukate sukarrik eta birusik gabe daudela dioen zertifikatua badute, nagusien zertifikatuaz gain. Agintariek adierazi dute pixkanaka joango direla hiria –ulertzen da jarduera publikoak eta komertzialak– irekitzen joango direla eta garraio publikoak berdin.

Wuhanen bizilekua ez edukiarren izurriak bertan harrapatu zituelako hirian gelditu ziren kanpotarrek, astelehenetik aurrera eskatu ahal izango dute hiritik joateko baimena. "Birusik gabe" deklaratutako etxe eta auzoetakoek bakarrik izango dute joateko aukera. Hala ere, kazetariak informatu duenez, herritarrak oso uzkur daude eta tentu handiz ibili nahi dute kalera irten aurretik.

Uneotan Txina ez beste mundu osoan ari da kalte handienak eragiten Wuhanen azaldutako birusa. Astelehena arteko kontabilitatean, Covid-19an munduan 16.307 hildako eragin bazituen horietatik 3.261 ziren Txinan gertatuak. Kutsatuak 370.000 eta Txinan gertatu dira horietatik 81.000.