argia.eus
INPRIMATU
Woody Allen Donostian egiten ari den filmaketaren aurka protesta deitu dute
  • Uztailaren 22an, astelehena, Kontxako erlojuetan elkartzeko deia egin dute Donostiako hainbat kolektibok, Woody Allen zine zuzendari estatubatuarra hirian egiten ari den filmaketaren aurka protesta egiteko.

ARGIA @argia 2019ko uztailaren 19a
Hainbat kolektibok deituta egingo da protesta Donostian. Goiko irudia erabili dute kontzentrazioa deitzeko.

BizilagunEkin plataforma, Ernai, Hotel + Ez mugimendua, Groseko Asanblada Feminista, Medeak, Donostiako Bilgune Feminista eta Garaipen dira mobilizaziora deitu duten kolektiboak. Haien ustez, arrazoi ugari dago Allen Donostian egiten ari den errodajearen aurka agertzeko.

"Hiriaren nazioarteko promoziora zuzendutako ekimen honek epe labur eta ertainera bertako bizilagunen bizi-baldintzetan kalteak sortzeko moduko turismoaren hazkundea eragin dezakeela ikusten dugu", adierazi dute sare sozialen bidez zabaldu duten ohar batean.

Gainera, New Yorkeko zuzendaria eraso matxistak egin izanagatik salatu dutela ere nabarmendu dute, gogora ekarriz nazioartean hainbat talde eta mugimendu feministak Allenen aurka agertu direla. "Harreman ofizial oro eten beharko litzatekeela iruditzen zaigu", diote oharrean.

"Kontzentrazio zaratatsua" izango da Donostian deitu duten protesta eta arratsaldeko 18:00etan egingo dute.