argia.eus
INPRIMATU
Willy Toledok esan du ez dela epailearen aurrera joango
  • Guillermo Toledo aktoreak Facebook bidez jakinarazi du ez dela epailearen aurrera joango apirilaren 18an. Epaiketara deituta zegoen Jainkoa eta Ama Birjinaren inguruan Facebooken iritzia emateagatik, eta ironiaz erantzun die epaile “txit prestuei”.

Maddi Txintxurreta @mtxintxurreta 2018ko martxoaren 19a
Arg: Insurgente

“Nire ateismoari eta santutasuna eta birjintasunari ‘iseka’ egiteko dudan joera setatsuari erantzuteko epailearekin, fiskaltzarekin eta ‘Mary Birjinintxoaren’ abokatuekin ezarritako zitazioa apirilaren 18an izango da, Madrilgo Plaza de Castillako epaitegietan”, idatzi du Willy Toledok.

Sare sozialean argitaratutako mezuan esaten du ez duela bere bizitzako “segundo bakar bat ere” galduko epailearen aurrera joateko. Bestalde, datozen egunetan bere kokapena zein izango den jakinarazi du, bere bilaketa “errazteko”: “Apirilean Teatre Lliure de Gràcian izango naiz, Bartzelonan, 19:00ak eta 22:30ak artean. Data horretatik aurrera, nire Madrilgo etxean aurkituko nauzue, zeina sobera ezagutzen baituzuen, azkenengoz bertara bidali baitzenituzten zuen ‘txikitoak’”.

Ironiaz betetako mezua zabaldu du Willy Toledok, eta horrela agurtu du komunikatua: “Adeitasunez agurtzen zaituzte gizon libre, ateo, komunista eta terrorista batek”.