argia.eus
INPRIMATU
Gasteizko erredakzioetako jazarpen matxistak azaleratu ditu Whatsapp talde batek
  • Noticias de Alava egunkarian, Begoña Martín kazetariak eman du albistea. Gasteizko kazetari emakume batzuen whatsapp talde pribatuko informazioa eskuratu du eta kazetariok erredakzioan jasan behar izaten dituzten jazarpen eta gehiegikeria matxistak bildu ditu.

ARGIA @argia 2023ko irailaren 29a
Gasteizen eraso matxista bat salatzeko egindako elkarretaratzea. Argazkia: Hala Bedi.

Artikuluaren egileak whatsapp talde pribatuan aipatzen dituzten egoera matxistak jaso ditu eta emakumeon izen-abizenik ez du argitara eman. Kazetarietako baten komentarioa ondokoa da: “Irratira neska gazte eta polit bat ailegatu da. Egunero, altxatzen den bakoitzean, ipurdira begiratzen diote, batzuetan titiak ere bai”. Beste kazetari batek berriz: “Urteak dira lankide bat bulegoetara beti mugikorra aldean duela sartzen dela eta aitzakiak bilatzen ditu atea irekita uzteko”. Ondoko hau ere adierazi du beste kazetari batek: “Erredakziora sartu aurretik botoiak goraino lotzen ditut, bero eramanezina egiten badu ere. Aurpegira begira nazaten”.

Artikuluaren egileak, Begoña Martínek, dio Whatsappeko adierazpenek azaltzen dutela matxismoa egunerokoa dela hedabide askotako erredakzioetan. Emakume kazetariek jazarpen egoera larriagoak aitortu dituztela dio. Horietako batek honela dio: “Lankide bat jarraitzen hasi zitzaidan. Bazekien zein ordutan eta norekin nengoen arratsaldetan. Aste batzuk iraun zuen. Lantokian esan nuen eta ez zuten ezer egin. Denbora pasa zain egon ziren, eta batez ere, inork ez zezala jakin”.

Beste mezu batean, kazetari batzuek hizketan bortitz aritzen den lankide bat aipatzen dute: “Hori bai, badaki noiz jokatu matxirulo baten gisan”

Kazetari beteranoek garai bateko egoerak eta oraingoak alderatu dituzte, eta ez dute aldaketa handirik antzeman hainbat gauzatan: “Gaur egun, nagusi batzuek oraindik lausenguak erabiltzen dituzte eta uste dute idazkariak dauzkatela ondoan. Nagusi batzuek mugikorrari begiratzen diote guk hitz egiten dugunean”.