argia.eus
INPRIMATU
Whatsapp mezuak enkriptatzeak ez luke zentzurik Europak kontrolerako lege hau onartzen badu
  • Helburua, berez, "adingabeak babestea" da, batik bat pedofiliatik. Europako Batzordea eta Legebiltzarra udazken honetan hasiko dira araudia lantzen. Kezkak eta kexak areagotu dira zaintzaren, kontrolaren eta zentsuraren ikuspegitik.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko irailaren 16a

Kontrol sozial digitala denentzat, adin txikikoen segurtasunaren izenean. Badirudi aurrera egingo duela aspalditxo hasitako bideak. 2022an aurkeztu zuen Europar Batasunak Chat Control 2.0 gisa ezagutzen den proiektua, ustez pedofilia edota adin txikikoen edonolako sexu erasoetako edukiak atzemateko, horiek sarean zirkulatzen hasi aurretik. Chat Control gisa ezagutzen bada ere, hauxe da Europak ematen dion berezko izena: Regulation to Prevent and Combat Child Sexual Abuse (Adin txikikoen sexu abusuen prebentziorako arautegia).

Europar Batasunaren hitzetan, halako edukiak WhatsApp, Telegram edota Signal aplikazioen bidez zabaldu ohi dira gehienbat. Horiei ipini nahi die galga. Berez bada sistema bat 2021etik, Chat Control 1.0 gisa ezagutzen dena, pribatutasuna hautsi eta kontrol mekanismoak martxan jartzen dituena. Baina aplikazio horien jabeek boluntarioki arakatu behar dituzte mezuak, edo agindu judizial baten eraginez. Bestela, berez, mezuak enkriptatuta eta babestuta daude. 

Baina Europar Batasunaren aburuz, Chat Control 1.0 mekanismoak ez du ganoraz funtzionatzen. "Beranduegi" heltzen dira agindu judizialak. Horregatik, tramiteak saltatu asmo ditu. Chat Control 2.0-rekin, aplikazio horien egungo mezuen enkriptatzea, "muturretik muturrerakoa", apurtu egingo litzateke. Hau da, mezu guztiak, de facto, ez leudeke enkriptatuta edo babestuta. Horixe da lege proiektuak momentuz dioena; ez du xehetasun gehiagorik ematen. Baina bada salbuespen bat dagoeneko azpimarratzen dena: gobernuko gaiak eta gai militarrak jorratzeko txat taldeak. Mezu horiek babestuta leudeke.

Udazkenean garatuko dute

Tramitera pasa da irailaren 12an. Sei estatuk soilik bozkatu zuten proiektuaren aurka: Austriak, Belgikak, Finlandiak, Herbehereek, Txekiar Errepublikak eta Poloniak. Europako Batzordeak eta Legebiltzarrak landuko dute proiektua orain, eta urriaren erdialdera Barne eta Justizia Ministroen Kontseilura eramango dute gaia. Hor ezagutaraziko dira lehen xehetasunak, oraindik fintzeko baitago proiektua.

Proiektua aspalditxo hasi ziren lantzen, baina iaz, xehetasunak ezagutzen joan ahala, hainbat estatuk atzera egin zuten. Presio soziala ere areagotu zen, eta linboan gelditu zen proiektua. Orain, uda ostean, berrartzea erabaki dute.

"Zaintza, kontrola eta zentsura"

Kezka eta kexa ugari zabaldu dira lege proiektuaren aurka. Esaterako, irailaren 12ko bozketaren aurretik, 34 herrialdetako 600 akademikok baino gehiagok sinatutako gutuna argitaratu zen. 

"Proposamen honek aurrekaririk gabeko gaitasunak ezarriko ditu zaintzari, kontrolari eta zentsurari dagokienean, eta estatuek herritarrekiko dituzten betebeharrak alda daitezke, baita kontrolaren abusua sortu ere", adierazi dute. Aitortu dute gizarte digitalak arazo larria duela pedofiliarekin eta eduki sexualen neurrigabeko hedapenarekin, baina azpimarratu dute norabidea ez dela egokia, eta lanketa gehiago egin behar dela mundu analogikoan, hala nola gizarte hezitzaileekin, hezkuntza arduradunekin eta gurasoekin, batik bat prebentzioa indartzeko.