Euskararen Gizarte Erakundearen Kontseiluaz gain, hezkuntza alorreko eta sindikatuetako ordezkariak ere prentsaren aurrera agertu ziren atzo Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroak egin nahi duen erreformari erantzuna emateko. Bilbon egin zuten prentsaurrekoa eta bertan adierazi zuten, erreformak euskarari “eraso larria” egiten badio ere, aurretik egindako apustuarekin jarraituko dutela.
Berriaren gaurko edizioak jasotzen duenez, atzoko agerraldian Kontseiluko hezkuntza eragileez gain, beste esparruetako ordezkariak ere azaldu ziren: CCOO, ELA, LAB eta EILAS sindikatuetakoak, besteak beste.
Erreformak hizkuntza normalizatzearen prozesua eten eta azken urteetako lana bertan behera utziko luke agente horien ustez. Baina egindakoarekin jarraitzeko asmoa dutela azpimarratu dute Andoainen editatzen den egunkariak jaso duenez: “Euskalgintzak ilusioz, determinazioz, gogoz eta pasioz lan egiten jarraituko du. Horrelako erasoei aurre egiteko, inoiz baino beharrezkoagoa da eragile sozial, sindikal eta politikoen zein instituzioen arteko elkarlan trinkoa”.
Werten erreforma
Gaztelania bermatu eta hizkuntza koofizialak gutxiagotuko dituen erreforma jarriko du martxan Wertek, gaztelania erkidegoetako hizkuntza nagusia bilakaturik. Horrekin, bertan behera geratuko lirateke Kontseiluak 2008an osatu zuen Ikasle Euskaldun eleanitzak sortzen txostenak finkatutako helburuak. Euskara ez da “enborreko” irakasgaia izango, “espezialitatekoa” baizik. Ikasleak aukeratu dezake euskaraz ikasiko duen ala ez. Gaztelania, atzerriko hizkuntza, bigarren atzerriko hizkuntza, gorputz heziketa eta erlijioa egongo lirateke euskararen aurretik, besteak beste.