Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza, Kultura eta Kirol ministroa ordezkatu egin du Mariano Rajoy Espainiako presidenteak. Orain arte Europar Batasuneko estatu idazkari izan den Iñigo Mendez de Vigok hartuko du Werten postua.
Rajoyk hitz onak izan ditu ministro ohiarentzako. Zoriondu egin du legealdi osoan egindako lanagatik, eta batez ere LOMCE legearekin izandako “determinazioagatik”. CISen azken barometroaren arabera, ordea, legealdi osoan okerren baloratutako ministroa izan da Wert, 1,56ko batezbestekoarekin.
Hezkuntza komunitatearekin ministro ohiak izan duen etengabeko tentsio egoeraren aurrean, Mendez de Vigoren profilarekin Rajoyk moderazio eta elkarrizketarako hautu bat egin duela nabarmendu dute hainbat hedabidek.