Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroak gaur aurkeztu du hezkuntza erreforma (LOMCE legea). Hezkuntza arloko eragile ugarik kritikatu du lege polemikoa.
Lege berriaren arabera, hizkuntza koofiziala duten erkidegoetan, gaztelaniaz ikasi nahi dutenek bermaturik izango dute aukera hori. PPren nahia da sare publikoak ezin duenean eskaini gurasoek desio duten hizkuntz eredua, zentro pribatuetako matrikulak erakunde publikoek ordaintzea. Kataluniak esan zuen neurri hori bere murgiltze ereduaren kontrakoa litzatekeela, baina Gobernuak aurrera egin du: Klaseak gaztelaniaz jaso nahi dituzten haurren matrikulen kostua Espainiako Gobernuak aurreratuko du, baina azken buruan Kataluniako Gneralitateak hartuko du kostua bere gain, Gobernuak aurrekontu-transferentzietatik aterako duelako.
Hezkuntza erreforma gauzatzeak 400 milioi euroko kostua izango duela aurreikusi zuen Gobernuak, Estatu Kontseiluak diru gehiago beharko dela adierazi duen arren. Kostuaren erdia (200.000 euro gutxienez) Europar Batasunak bere gain hartzea da Gobernuaren asmoa.
"Deskalabru pedagogikoa"
Izenburu hori du Mikel Garcia kazetariak ARGIAren 2.359. zenbakian plazaratutako erreportajeak. Wert legearen ezaugarriak lehen pasartean bildu ditu: "Eduki homogeneo eta zentralistetan oinarritutako curriculum espainiarra, ikasle 'txarra' lehenbailehen antzeman eta alboratzen duen ibilbidea, ezagutza memoristiko eta akademikoa hobesten eta gaitasunak alboratzen dituen eredu ekonomizista. 180 graduko bira, murrizketez eta euskararen kalterako neurriz hornituta. Horra, PPren gehiengo absolutuak ahalbidetuta, Espainiako Estatuan ezarri nahi duten hezkuntza sistema".