Kosmetiko enpresak azalerako kremak hornitzen zituen Dachauko kontzentrazio esparrua. Naziek presoekin esperimentuak egiteko erabili zuten krema mota bat, eta 80 eta 90 preso artean hil ziren horren ondorioz. Enpresak ikerketa “independente eta osatua” jarri du martxan.
The Jerusalem Post egunkari israeldarrak eman du ikerketaren berri: Weleda enpresa suitzarrak harreman komertzialak izan zituen naziekin. Anne Sudrow historialari alemaniarrak kaleratu du ikerketa, eta bertan azaldu du enpresak azala izoztea ekiditeko krema bat Dachauko kontzentrazio esparrura bidaltzen zuela, eta krema hori presoekin erabiltzen zutela. Ikerketaren arabera, 300 preso ingururekin egin zituen esperimentuak naziek, eta horietatik 80 eta 90 artean hil egin ziren.
Weledak sortutako krema berez fronteko soldaduek erabiltzeko zegoen pentsatuta, baina 1942 eta 1943 artean Dachauko kontzentrazio esparrua krema horrekin hornitu zuten. Ikerketak jaso du Sigmund Rascher SSetako doktoreak krema hori presoekin esperimentuak egiteko erabiltzen zuela. Alegia, krema jarri eta muturreko baldintzetan egotera behartzen zituzten presoak, izotz artean ordu luzez, adibidez. Krema kontzentrazio esparrura bidaltzearen trukean, ustez, Alemaniako Nutrizio eta Elikagaien Ikerketarako Institutuak landareak eta bestelako produktu naturalak ematen zizkion enpresari.
Dena den, Sudrowek aurkitutako lotura ez da krema horretara mugatzen. Ikerketan aipatu du 1941etik aurrera aurkitu dituela loturak. Izan ere, gerora Weledako medikuntzarako plantazioaren burua izango zenak, Frank Lippert-ek, SSekin kolaboratu zuen 1941etik aurrera, eta hurrengo urtean, 1942an, SSetako kide bilakatu zen. Gerra bukatutakoan Weledak fitxatu zuen aholkulari gisa. Lippertek ere kosmetika arloko aurkikuntzak egin omen zituen Dachaun, baina gerra ostean bertan behera utzi behar izan zituen, AEBek horrela aginduta.
Faxismoaren kondena
Ikerketa atera berritan, Weledak komunikatua kaleratu du bere webgune ofizialean. Enpresak adierazi du ikerketa “independente eta osatua” jarriko duela martxan. Komunikatu horretan adierazi du nazionalsozialismoak egindako “sarraski” guztiak kondenatzen dituztela, eta faxismoak, antisemitismoak, arrazismoak eta eskuin muturreko ideiek ez dutela lekurik enpresan.
Ez da lehen aldia enpresak horrelako ikerketa bat martxan jarri duena. 2023an ere gai bera ikertu zuen, baina ondorioztatu zuen ikerketa ez zela “argigarria” izan, ez baitzituen “faktore guztiak” kontuan hartu. Orduko hartan aipatu zuten Weledak SSei bidalitako krema, baina ez da zehazten giza esperimentuetarako erabili zuten. Oraingo ikerketan hori argitzeko asmoa dute: aurreikusi dute 2027rako egongo dela publiko.