argia.eus
INPRIMATU
“Welcome to Pintxoland” turistifikazioaren aurkako ekimena egin dute Donostiako Alde Zaharrean
  • Donostiako Parte Zaharrean turistei zuzendutako saltoki eta ostalaritza guneak bizilagunei eragindako kalteen eragile nagusiak direla adierazi du Bizilagunekin plataformak.

Mattin Azpiroz Pagola 2023ko urriaren 06a
Welcome To Pintxoland ekimena. // Argazkia: BiziLagunEkin

Bizilagunekin plataformak ekimenaren bidez salatu du Donostiako Parte Zaharreko bizilagunak “serioski kaltetzen” dituela turistifikazio masiboak. Auzoan turismoari zuzendutako ostalaritza eta merkataritza “dena irensten” ari direla nabarmendu dute: “Komertzioak eta ostalaritza-establezimenduak gero eta bideratuago daude kanpoko bisitariei, eta auzotarren bizimoduan agertu diren kalteen eragile nagusiak dira: zarata, zaborra, kale-espazioaren okupazioa…”. Bestalde egoera horrek euskarari “kalte” egiten diola salatu dute: “Jatetxeetako kartetan, karteletan eta publizitatean, gaztelera, frantsesa eta ingelesa dira hizkuntza nagusiak, eta euskarak gero eta presentzia gutxiago du.

Turismoaren beherakadaren aldeko plataformak "Welcome To Pintxoland" lelodun pankarta ironikoak paratu eta 5.000 eskuorri banatu ditu kalean, pintxo-taberna baten publizitaterako esku-orriak irudikatuta. Plataformako kideen esanetan, “turistifikazioaren aurkako urria” izango da aurtengoa. Ekimenarekin bat egin dute Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak, Parte Zaharreko Euskara Batzordeak, Alde Zaharreko Gazte Asanbladak eta Alde Zaharreko Ernaik.

“Euskara eta euskal kultura markagintzarako elementu hutsa bilakatzen du turismo industriak”, adierazi dute bizilagunek. Euskara esperientzia turistikoari “kutsu berezia” emateko “erabiltzen” dela salatu dute: “Gure hiria salgai dagoen produktu gisa ulertzen dute eta euskara produktu horri jartzen zaion lazo koloretsu bat besterik ez da turistifikatzaileentzat”. Halaber, sakonean “jabetzen pilaketan” eta “lan-baldintza eskasetan” oinarritutako ereduan dihardutela salatu dute, eta “ezkutuko ekonomiaren gotorleku” direla.

Erresistentziaren alde

Ostalaritza eredu “basatiari” erresistentzian eusten dioten taberna eta jatetxeetako kideei haien elkartasuna adierazi nahi izan diete bizilagunek: “Ez ditugu aipatu gabe utzi nahi tokikotasunean eta gertukotasunean oinarrituta, euskaraz eta euskaldunekiko errespetuz jarduten duten langileak”. Donostiak desazkunde turistikorantz norabidea hartu behar duela aldarrikatu dute: “Ezinbestekoa da Parte Zaharrean ongi bizitzea eta euskaraz bizitzea denon eskura egon dadin”.