argia.eus
INPRIMATU
Von der Leyenek Israelekin akordioak “partzialki” etetea proposatu du, baina EBk hori adostea “oso zaila” izango dela iragarrita
  • EB eta Israelen arteko “Elkartze Akordioaren merkataritza arloa partzialki etetea” proposatu du Europako Batzordeko presidenteak. Neurriak indarrean jartzeko EBko herrialdeen gehiengoak eman behar dio babesa, eta hori “oso zaila” izango dela adierazi du. “Gutxiegi, berandu”, adierazi du Francesca Albanese Palestinar Lurraldeentzako NBEko errelatore bereziak.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2025eko irailaren 11
Von der Leyen, asteazkenean, Europako Parlamentuan. Europar Batasuna

Asteazkenean proposatu ditu Israelen aurkako neurriak Ursula Von der Leyenek, Estrasburgoko Europako Legebiltzarrean eginiko agerraldian. Bere ahoan ezohikoak diren hitzak erabili ditu Europako Batzordeko presidenteak Israel Palestinan egiten ari dena deskribatzeko, nahiz eta genozidio hitza ez duen erabili: “Gazan gertatzen ari denak munduaren kontzientzia hunkitu du. Eraildako pertsonak janari eskean ari zirenean. Hildako haurrak besoetan dituzten amak. Gizakiak eragindako gosetea ezin da inoiz gerra arma izan. Haurren onerako, gizadiaren onerako, honek gelditu egin behar du”.

Von der Leyen da Europar Batasuneko ordezkarien artean Israelen aldeko jarrerarik sutsuenetarikoak adierazi dituen agintaria. 2023ko urrian, esaterako, lur okupatuetan eraikita dagoen Gaza ondoko Kfar Aza kolonian bisita egin zuen, Europako Parlamentuko presidente Roberta Metsolarekin batera.

“Azken hilabeteetan” Israelek “sistematikoki” zenbait jarrera “onartezin” izan dituela adierazi du Von der Leyenek, esaterako Palestinako Autoritate Nazionaleko ekonomikoki itotzea, Zisjordaniako zenbait kolonia egitasmo edo “Israelgo Gobernuko ministro muturrekoenen ekintza eta adierazpenak, indarkeria bultzatzen dutenak”.

EBk neurriak onartzea, “oso zaila”

Hori guztia dela eta, Israelen aurkako zenbait neurri proposatu ditu Europako Batzordeko presidenteak. Nagusiena, Israel eta EBren arteko Elkartze Akordioaren merkataritza arloa “partzialki” etetea litzateke: “"Israeli ematen diogun aldebiko babesa bertan behera utziko dugu. Arlo horietako ordainketa guztiak etengo ditugu, Israelgo gizarte zibilarekin eta Yad Vashemekin [Holokaustoaren biktimen omenezko Israelgo erakunde ofiziala] dugun lankidetzari eragin gabe. Zigorrak proposatuko ditugu muturreko ministroen eta kolono bortitzen aurka. Eta Elkartze Akordioaren merkataritza arloa partzialki etetea proposatuko dugu. Datorren hilean Palestinarako Emaile Talde bat sortuko dugu, Gaza berreraikitzeko tresna espezifiko bat izango duena".

Neurriak proposatu dituen agerraldi berean aitortu du agintariak horiek indarrean jartzeko gehiengoak lortzea “oso zaila” izango dela. Berria-k zehaztu duenez, EBko 27 kideetatik hamabostek babestu beharko lukete Von der Leyenen proposamena, eta estatu horiek EBko populazioaren %65 gehitu beharko lukete.

Israel: “Hamasen propaganda”

Israelek ez ditu ondo hartu Von der Leyenen hitzak. Besteak beste, Gideon Saar Israelgo Atzerri ministroak Hamasen “propaganda” errepikatzea leporatu dio: “Europako Batzordeko presidenteak egindako adierazpenak tamalgarriak dira. Horietako batzuek Hamasen eta haren bazkideen propaganda faltsua ere islatzen dute”.

Palestinar Lurraldeentzako NBEko errelatore berezi Francesca Albanesek ere kritikatu ditu iragarritako neurriak, baina kontrako zentzuan: “Gutxiegi, berandu, nazioarteko zuzenbidearen arabera modu onartezinean ez nahiko. EBko estatuek armen erabateko enbargoa ezarri behar dute, merkataritza eten, ustezko delitugileak auzipetu, eta flota bat bidali setioa hausteko”.