argia.eus
INPRIMATU
Irailaren 23an kontzertu berezia Larraulen
Vivaldiren "Lau urtaroak" euskal musika-tresnez emanak

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2018ko irailaren 06a

1725. urtean estreinatu zen obra barroko hau eskainiko du Arranoa hari-laukoteak eta Stéphane Rougier-ek. Orkestra handietan jotzen duten musikari eskarmentudunak dira. Larraulgo elizan izango da kontzertua, 19:30ean. Sarrerak aurrez erosi ahalko dira, 6 euroan, herriko liburutegian.

Txirula, ttun-ttuna, intxaurrak... Vivaldik imitatutako natura irudikatzeko

4 Sasuak izena du emanaldiak, eta badu berezitasunik: euskal musika-tresnak erabiltzen dituzte Vivaldiren obrak iradokitzen dituen irudi eta sentsazioak narratzeko. Txirula, ttun-ttuna, intxaurrak, txalaparta, panderoa, ahotsa, ezkilak... erabiliko dituzte, sentsazio hauek irudikatzeko: naturaren mugimenduak, haizeak, trumoiak, barealdiak, nekeak, txori-kantuak, lore lehertzea, errekastoak, pozak, hotzak eta abar.

Euskal musika-tresnak jotzen honako hauek arituko dira: Mixel Etxekopar, Paxkal Indo, Paxkalin Chabagno eta Patrik Larralde. Larraulgo Kultura Batzordeak interpretazio-gida moduko bat banatuko du, obra honen nondik-norakoak gehiago ulertzeko.