argia.eus
INPRIMATU
Iruñeko Erorien Monumentua birgaitzeko baimena eman du Vianako Printzea erakundeak
  • Nafarroako Gobernuan ondare historikoaz arduratzen den erakundea da Vianako Printzea, eta Iruñeko Udala haren zain zegoen birgaitze prozesuarekin aurrera jarraitzeko. Datozen asteetan, beraz, obrarako lehiaketa irekiko da.

Xabier Letona Biteri @xletona 2025eko irailaren 18a
Erorien Monumentuan egin daitezkeen aldaketak zehaztu ditu Vianako Printzea erakundeak. Xabier Letona

Iruñeko Udalak erabakia du Erorien Monumentua eta bere inguruak erreformatu egingo direla hura birgaitzeko, edo bestela esanda, haren esanahia aldatzeko. Horretarako plangintza bat onartu zuen iaz eta aurtengo martxoan Nafarroako Legebiltzarrak aldaketak bideratu zituen 1936ko biktimen auzia arautzen duen 33/2013 Foru Legean. Horren bidez, onartu zen “erregimen frankistaren garaipenaren gorespenezkoak gertatzen diren zati sinbolikoak erretiratzea eta kupularen barnealdeko margolanak estaltzea”.

Orain, eraikinak zuen babes maila jaitsi egin du Vianako Printzea erakundeak eta horrek egin beharreko eraberritze lanak ahalbidetzen ditu. Batetik, monumentuaren gune zentralak eraldatu ahal izango dira, hau da, kalearen mailan dauden solairua eta sotoa; azken honetan da, esate batera, oso garrantzitsua den kripta, non Emilio Mola eta José Sanjurjo jeneral kolpistak lurperatuak egon ziren 2016ra arte.

Txostenak argi zehazten du kupulako pinturak mantendu egin behar direla, behar denean ikertu ahal izateko, baina estali daitezkeela oihal batekin. Kupulan ezingo dira egiturazko aldaketak egin, baina ezabatu ahal izango dira kanpoko aldean diren sinbolo frankistak eta bestelako sinboloak gehitu. Udalak zehaztu zuen kanpotik ere itxuraldatu nahi zuela eraikina, eta txostenak horretarako aukera ere ireki du, baina noraino finkatu gabe.

Vianako Printzeak zehaztu duenez, ondare kulturala ez da aldaezina den ondasun formalen multzoa, eta etengabeko aldaketan dagoen prozesu sozialaren barruan ulertu behar da.

Mugimendu memorialista birgaitzearen aurka

Erorien Monumentua birgaitzeko planak PSNren, EH Bilduren eta Geroa Bairen onespenak izan ditu Iruñeko Udalean eta Nafarroako Legebiltzarrean. UPN, PP, Vox eta Contigo Zurekin aurka azaldu dira, lehenengo hirurek monumentua bere horretan mantendu nahi dute; eta, gehien jota, batzuek Nafarroako Historia Museo bat egin nahi dute bertan. Contigo Zurekin monumentua eraistearen aldekoa da, eta horretan bat egiten du Nafarroako elkarte memorialisten gehiengoarekin.

Iruñeko Udalean PSNren bozeramaile den Marina Curielek aurkeztu du Vianako Printzearen txostena. Udalak zehaztua zuen birgaitze proiektua aurrera eramateko lehiaketa urrian eta azaroan egingo zuela. Orain, Curielek adierazi du lanak datorren urte hasieran has daitezkeela, gutxienez, lan urbanistikoak.

Adituen taldea

Proiektu honekin, eraikina eta inguruak birgaitu egingo dira, eta frankismoaren gorazarre egiten duen monumentua, faxismoaren aurkako eta memoria demokratikoaren aldeko interpretazio zentroa bihurtuko da. Zentroaren edukiak zeintzuk izango diren zehazteko lanean ari da hamalau adituz osatutako batzordea. Maiatzean eratu zen lan taldea eta, aditzera eman zutenez, irailaren erdirako aurkeztu nahi lukete beren lana.