argia.eus
INPRIMATU
Venezuelari elkartasuna adierazteko agenda bateratua sortu dute Caracasen bildutako nazioarteko 400 ordezkarik
  • Hiru egunez, Caracasen mundu osoko 400 ordezkari baino gehiago elkartu dira Herrien Nazioarteko Asanbladan, tartean Euskal Herritik etorritakoak.

Ibai TrebiƱo @ibaitrebino 2019ko martxoaren 01
Argazkia: AVN

Ekimenaren "azken delegatu" gisa, Venezuelako presidente Nicolas Madurok itxi du asteazkenean Caracasen egin den Herrien Nazioarteko Asanblada. Ordu ta erdiko konferentzia baten bidez, presidenteak "eskerrak" eman dizkio batu diren delegatuei. Egungo egoera hizpide, Madurok gogor kritikatu du Venezuelako gatazkan hainbat herrialde izaten ari diren papera, bereziki Kolonbia eta Espainia aipatu ditu. Espainiako gobernuaren jarrera salatzeko asmoz, apirilaren 28ko Espainiako hauteskundeetan bera ere aurkeztuko dela adierazi du ironikoki Madurok eta "bozken %50a baino gehiago lortuko lituzkela" adierazi du.

Zentzu berean, egunotan Cucutako (Kolonbia) mugan izandako istiluez luze mintzatu da Maduro eta hainbat bideo erakutsi du oposizioaren bortizkeria agerian uzteko asmoz.

Euskal delegaritzako kideak
Euskal delegaritzako kideak. Argazkia: Ibai Trebiño

Autodeterminazioaren aldarria, euskal delegazioaren eskutik

400 baino gehiago izan dira asanbladan parte hartu duten mundu osoko delegatuak, tartean Espainiako Estatutik etorritako estaturik gabeko nazioetako sindikatu, alderdi eta eragile sozialak –Euskal Herritik Ernai, Sortu eta Askapena–. Venezuelaren egoerak behartuta, Iraultza Bolibartarrari elkartasuna ematea izan du ardatz nagusi nazioarteko bilkurak.

Herrien Nazioarteko Asanbladako idazkaritzako kide Leire Azkargorta euskal herritarrak "positiboki" baloratu du Caracasen egindako bilkura. "Helburua bete dugu eta besteak beste, Venezuelari elkartasuna adierazteko agenda bateratua sortu dugu", esan du Azkargortak. Venezuelako blokeoa sustatzen duten hainbat enpresen aurkako boikot kanpaina abiatuko dela iragarri du. Aldi berean, Galizia, Katalunia eta Euskal Herriko delegazioek autodeterminazio eskubidea eztabaidaren erdian jartzea lortu dutela nabarmendu du Azkargortak, "nazio-estatuen aferan kontraesan handia dagoela erakutsiz". "Bide horretatik jarraitu behar dugu", azpimarratu du Azkargortak.