Hondamendia paradisuan: Pam zikloiak azpikoz gain jarri ditu Vanuatuko uharteak. “Tana uharteko mendebaldean ez da zuhaitzik, hostorik edo burdinazko egiturarik ekaitzaren indarrari aurre egin ahal izan dionik”, esan du Gurutze Gorriak Vanuatun daukan ordezkari Hannington Alatoak. “Jendea ur falta larrian da uneotan”.
267.000 pertsona bizi dira Vanuatu artxipelagoko 65 uhartetan. Horien erdiaren bizimoduan eragin ditu kalteak Pamek. 47.000 biztanle dauzkan Port Vila hiriburuko azpiegitura eta eraikinen %90 suntsitu du ekaitzak. Konparazioan, itxura batera heriotzak ez dira hainbesterako izan: sei zenbatuak zituzten astelehen arratsaldea bitartean eta dozena batzuk zauritu. Baina agintariak beldur dira urruneko herrixketatik albisteak iristen hasi ahala ezagutuko direla heriotza gehiago.
Herrialdearen etxe eta egitura gehienak lur jota daude: hutsetik hasi beharko dute Vanuatu eraikitzen. Orain, ordea, larrialdiari erantzutea daukate lehentasun. Oso kezkatuta daude arriskuan egon daitezkeen 60.000 haurren egoerarekin.
Baldwin Lonsdale lehendakariak munduari ohartarazi dio Vanuatun gertatua klimaren zoratzearekin dagoela loturik. “Ikusten dugu nola datorren gorantz itsasoaren maila. Zikloien sasoia, bero boladak, euriteak... guztia ari da aldatzen. Aurten sekula baino indar handiagoz gertatu zaizkigu fenomeno horiek. Bai, klimaren aldaketak eragiten du hau guztia”.
Itsaso Bareko beste herrialde bateko buruzagiak, Kiribatiko lehendakari Anote Tongek, elkartasun mezuarekin batera azpimarratu ditu Lonsdaleren oharrak: “Ekiteko tenorea da. Lotu dezagun nazioarteko bilkuretan entzuten den erretolika buruzagi moduan hartu behar ditugun konpromisoekin, eta ahalegindu gaitezen hobetzen beharrik handienean daudenen bizimoduak. Itsasoaren mailako uharte eta atoloietako lidorrontzako, beroketa globalaren arriskuek modu askotan eragiten die gure jendeen bizimoduari, katastrofe honek kolpatzen ditu bai gure eskubideak eta bai gure biziraupena etorkizunean”.