31.000 botoko tarteari esker irabazi ditu Alexander van der Bellen ekologistak presidentetzarako hauteskundeak Austrian. Aurreikuspenen arabera FPÖ ultraeskuindarreko Norbert Hofer suertatu behar zen garaile, izan ere aurretik zegoen igandeko bozketa eta gero, baina posta bidezko bozek ezustea ekarri dute. Hala, Van der Bellen izango da Austriako presidentea, botoen %50,3 eskuratuta.
Errefuxiatuen krisiak eragina izan du hauteskundeen bilakabidean. Austriari egindako asilo eskarien gorakada –iaz, 90.000– baliatu du FPÖ xenofoboak. Hala, emaitza historikoa lortu zuen presidentetzarako hauteskundeen lehen itzulian, apirilean: botoen %35.
Bigarren itzulirako kanpainaren ardatz nagusia migrazioa izan da, eta herrialdea bi bloketan zatituta agertu da. Hala, hein batean gaiari buruzko erreferendum bihurtu dira hauteskundea, eta emaitza berdinketatzat jo daiteke ia. Parte hartzea oso handia izan da: %72,7.
Alexander van der Bellenek iragarri du Berdeen Alderdia utziko duela –horrexekin egin du kanpaina–, austriar guztiak ordezkatuko dituen presidente "inpartziala" izate aldera. FPÖk, galdu arren, azken hamarkadako hazkundeari eusten dio, eta 2018ko hauteskunde orokorretan saiatuko da baieztatzen aldiro inkestek esaten dutena: Austrian babes handiena duen alderdia dela.