Mallorcan (Herrialde Katalanak) atxilotu zuten atzo goizean Josep Miquel Arenas, Valtónyc ezizenez ezagunagoa den hip-hop abeslaria, Círculo Balear fundazio eskuindarreko presidente Jorge Camposek haren kontrako salaketa jarri ostean. Ez deklaratzea erabaki zuen musikariak eta atzo goizean bertan utzi zuten aske.
Joan den maiatzera arte Balear Uharteetako PPko Gobernuko kide izan den Camposek dio, musikariak mehatxatu egin duela Circo Balear izeneko abestiarekin.
Kalera atera ostean hedabideei gutuna idatzi die musikariak. "Ez dakit zehazki zer salatu duen Jorge Camposek, salaketa ez baitzait iritsi" adierazi du hainbat agentziak argitaratu duten mezuan, "baina hedabideetan ikusi dudana salatu baldin badu, ez daukat inolako beldurrik".
Gutunaz gain, kanta bat ere jarri du Youtubeko kanalean. Segrestat a mans del capital-en gogorarazi du ez dela horrelako jazarpena jasan duen lehen musikaria, Los Chikos del Maiz, Pablo Hasel eta At-Versarisekin ere antzekoa gertatu zela gogoratuz.
Hainbat gizarte mugimenduren babesa jaso du Valtónyc-ek atxilotu zutenetik. Besteak beste, Herrialde Katalanen independentziaren aldeko jarrera duen Endavant erakundeak adierazi du babes osoa ematen diola musikariari “sufritzen ari den errepresio polizial eta judizialaren aurrean”.