argia.eus
INPRIMATU
Valle de Odieta makroetxaldeari 2.272 abelburu gehiago izateko baimena eman dio Nafarroako Gobernuak enpresaren aurkako epaiketaren atarian
Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2025eko irailaren 02a
Sustrai Erakuntza

Caparrosoko makroetxaldeak, gaur egun, 7.200 behi eta 600 txahal izateko baimena du. Irailean kopuru horiek igotzeko eskaera aurkeztu zuen. Nafarroako Gobernuaren ingurumen baimena behar zuen horretarako, eta astelehenean honetan eskuratu du, Nafarroako Aldizkari Ofizialak argitaratuta. Baimena gauzatuz gero, 7.900 behi eta 2.172 txahal hartu ahalko ditu makroetxaldeak. Azpiegitura handituko dute horretarako, eraikin berria tarteko.

Gobernuaren ebazpenak enpresari zenbait neurri hartzea eskatzen dio aldi berean, handitzeak izan ditzakeen ondorio ekologikoak zuzentzeko, besteak beste, behien simaurra kudeatzeko edo ingurunea zaintzeko neurriak.

Legedia eta etika

Baimena Caparrosko makroetxaldearen bost arduradunen aurka abiatu den egun berean argitaratu du gobernuak. Sustrai Erakuntza eta Greenpeace talde ekologistak dira akusazio partikularra, eta Berriak jaso du Sustrai Erakuntzako Pablo Lorenteren balorazioa epaitegiaren atarian. “Badirudi enpresak instalazioak handitzeko aurkitu duen modua dela esnea ekoizten ez duten animaliak beste instalazio batera ateratzea, egun duten etxaldetik metro gutxira. Legeak gehienezko abelburu kopuru bat ezarria du eremu jakin baterako, baina, aldamenean beste planta bat eraikitzen bada, posible da kopuru hori gainditzea. Legezkoa izanen da, baina ez da etikoa inondik inora ere”, salatu du.