argia.eus
INPRIMATU
Hayer, Renaissance: “Ultraeskuina aukeratzeak frantziarren pobretzea dakar”
  • Macronen Renaissance alderdiak porrot itzela jaso du Europar Parlamentuko hauteskundeetan, Le Penen alderdiaren bozen erdia baino ez baitu lortu egun Frantziako Estatuan agintean den indar politikoak. Hala, bere zerrendaburu Valérie Hayerrek ultraeskuinak dakartzan mehatxuez ohartarazi du eta presidenteak hauteskundeak deitzeko harturiko erabakia babestu du.

ARGIA @argia 2024ko ekainaren 10

Renaissanceko zerrendaburu Valérie Hayerrek lehen hitzak egin ditu kameren aurrean RN-ren ultraeskuina Frantziako Estatuan erabat gailendu zaiola jakin orduko. Emmanuel Macron presidente eta alderdikidea bezala, lehenengotakoa izan da hitz egiten, porrotaren aurrean.

Lehenik eta behin eskerrak eman dizkie bere hautagaitzari botoa eman dien “milioika herritarrei” eta hemendik aurrera hautatua izan den helburuengatik  “egunero borrokatuko” duela hitz eman du. Baina ondoren frantziar guztiei zuzendu zaie, baita urazandikoei ere, metropolitik harago bizi diren guztiei.

Porrota garratza izan da Reinaissancerentzat eta Hayerri aurpegian nabaritzen zitzaion. Segidan etorri dira adierazpen mingotsagoak: “Ultraeskuinak dozenaka aurrerapen europar mehatxaturik dauzka”

Porrota garratza izan da Renaissancerentzat eta Hayerri aurpegian nabaritzen zitzaion. Segidan etorri dira adierazpen mingotsagoak: “Ultraeskuinak dozenaka aurrerapen europar mehatxaturik dauzka”, ohartarazi du politikari kontserbadoreak, eta areago: “Ultraeskuinak gure eskubide eta askatasunen aldeko urte askotako aurrerapenak mehatxatzen ditu”.

Azaldu du ultraeskuina aukeratzeak “frantziarren pobretzea” ekarriko duela, beren “gezur” eta “gelditasuna” dela eta. Baina europar hauteskundeetako emaitzak  “mezu garbi bat” direla ere esan du, herritarrek emandakoa: “Eskatzen digute euren bizitza azkarrago aldatzeko”, esan du, eta Macronek ere hala ulertu duela dio, berriz ere “herritarrei hitza ematea aukeratu” duenean. 

Igande arratsaldean lehen inkestak publiko egin orduko hauteskundeak deitu ditu Frantziako Presidenteak: “Inoiz ez gara erratzen frantziarrei hitza ematen diegunean”, azaldu du solemneki Hayerrek.