argia.eus
INPRIMATU
Usurbilgo erraustegiari buruzko galdeketaren emaitza lehen eskutik jakingo du Gipuzkoako Aldundiak
  • Erraustegia Erabakia plataformak prest dauka irailaren 30etik urriaren 2ra egingo duen kontsultarako protokoloa.

ARGIA @argia 2016ko uztailaren 19a

4.106 usurbildarrek eman ahal izango dute Zubietako errauste plantari buruzko iritzia udazkenean egingo den galdeketan. Galdera zehatza izango da: “Erraustegia egitea nahi duzu?” eta erantzuna ere halakoa: “Bai” edo “Ez”. Erraustegia Erabakia herri plataformak astelehenean eman du galdeketa egiteko protokolo eta prozeduraren berri prentsaurrean.

Plataformako kide Maialen Unanue eta Patxi Azpirozek nabarmendu dute ezin dela onartu herritarrei euren iritzia emateko aukera kentzea –Espainiako Gobernuak ez du baimendu erreferenduma–: “Tamaina horretako kezka sortzen duen gai baten inguruan herritarroi hitza ukatzea ez da onargarria”, azaldu dute.

Nolanahi ere, galdeketa egin egingo da, eta herrian beste gai batzuekin izan diren aurrekariak ikusita, parte hartze handia espero dute.

Emaitza zuzenean herritarrei, udalei eta Aldundiari

Galdeketa hiru egunez egingo da, irailaren 30etik urriaren 2ra, eta auzo bakoitzean izango dute 16 urtetik gorako usurbildarrek botoa emateko aukera. Berme Batzorde bat ere osatzeko bidean dira galdeketaren “gardentasuna eta zuzentasuna” ziurtatu eta prozesuan ezarritako protokoloa betetzen ari dela ikuskatzeko.

Emaitza urriaren 2an jakingo dute, zenbaketa publikoan. Hala, Erraustegia Erabakia plataformak, herritarrei ez ezik, Usurbilgo eta Donostiako Udalei eta Gipuzkoako Aldundiari ere lehen eskutik jakinaraziko diete erraustegiari buruzko usurbildarren erabakia zein izan den.