Joan Ridao ERCko politikari ohiak ustelkeriaren inguruko liburua egin du: Contra la corrupció. Konpondu daitekeen arazoa dela dio. Buelta eman ezean baina, “ez da demokraziarik izango”.
Ustelkeria. Sistema demokratikoaren ekinbide normala ekiditen duen fenomenoa. Hala uste du Ridaok. Espainiako kasua, gainera, “larria” dela iruditzen zaio. Eta argi dauka zergatik: alderdien finantziazio legea “ustelkeria kasu guztien ama” delako. Indarrean dagoen marko legalean paratu du problemaren jatorria.
2003an egin zuten alderdien finantziazio legea, baina 2007an aurkeztu zuten 8/2007 lege organikoaren erreforma. Hala, aurretik zegoena aldatu bai, baina “ezin okerrago” egin zutela dio Ridaok. Haren ustetan, alderdiei dirua emateko “edozein era” debekatu beharko lukeen neurri bat behar da. Era berean, diru esleipen irregularrak delitu penal gisa klasifikatu beharko lituzkete. Bi “gako” dira anabasa argitzeko.
Zergatik ez dute, bada, finantziazio legea aldatzen? Ridaok ez du zalantzarik: “PPk eta PSOEk ez dutelako nahi”.
Finantzazioa: aldi berean publiko eta pribatu
“Espainiako Estatuan finantziazio sistema hibridoa dute martxan. Dirua auskalo zein fundaziori eman, eta gero alderdiengana birbideratzen dute, batere argiak ez diren mugimenduen bidez”. Horregatik, publikoaren aldeko aldarria egiten du Contra la corrupció liburuan.
Gizakiak korruptoak gara berez?
“Ustelkeria ez dugu inoiz guztiz ezabatuko, giza izaeraren parte da”. Naturaltzat jotzeak ez du esan nahi ekidin ezinezkotzat duenik, aitzitik. “Kontrolatu” eta “gutxitu” daiteke. Eta mugatzeko bidean legea “hobetzea” eta independentzia dira bideak, haren irudiko.
Etorkizuneko alegiazko Katalunia, ustelkeriarik gabe
Kataluniaren independentziak legedi berria ontzeko aukera emango luke, eta beste marko batek gardentasun mekanismo “eraginkorrak eta argiak” ahalbidetuko lituzke. Hori da Ridaoren pentsamenduaren oinarria. Horregatik, etorkizunari begira dago politikari ohia arazoa konpondu bidean. Espainiari dagokionez, alderdi txikiek gardetasun legea bultzatu beharko luketela adierazi du, izan ere, “handiek ez dute egingo”.
Ustelkeria, auzi ezagunetatik harago
2012ko datuekin lan egin du Ridaok, baina aurtengo datuak ere antzekoak liratekeela uste du. Liburuko emaitzei begira, ustelkeria kasuen %90 tokiko administrazioetan gertatzen da.
Ez da nolanahiko problema ustelkeriarena. CISen inkesten arabera, Espainiako Estatuko herritarren bigarren arazo nagusia da, langabeziaren atzetik.
Ustelkeria urteetan baimendu den “arazo jarraikorra” da, idazlearen irudiko. Alegia, jendeak ustelkeria inoiz baino nabarmenago ikusten duen arren, “beti” egon da. “Kontua da hainbat auzi ezagun egon ostean –Barcenas auzia, kasu– herritarrak gehiago larritu direla”.