Ezgaitasunen bat duten pertsonak egiten dute lan Barakaldoko USOA tailerrean eta Ezkerraldean langile gehien duen enpresetako bat da (350 baino gehiago). Beste behin, bizi duten etorkizun ziurgabearen eta prekarietatearen aurka mobilizatu dira EAJren mitin baten aurrean.
Kontratazio publikoaren legea atera ostean, zalantzaz beteriko etorkizunean da enpresa, eta “prekarietate jasanezinean”, langileek salatu dutenez. EAJ eta PSEk gobernatzen duten Barakaldoko Udala eta enpresaren gerentzia 2019tik ez dira bildu hitzarmen berri bat negoziatzeko, eta gogor kritikatzen dute hori langileek.
“Zaurgarritasun egoera honi gehitu behar diogu EAJ eta PSOEren indiferentzia erabatekoa” diote. USOAren etorkizunari buruzko erantzunik oraindik ez izatea ez dute ulertzen, eta enpresaren jarraikortasuna bermatzea eta hitzarmen duin bat adostea eskatzen dute.
Mobilizazio ugari egin dituzte. Azkena, EAJk Barakaldon emandako mitinaren aurrean. Borrokan segituko dutela adierazi dute langileek.