argia.eus
INPRIMATU
Uruguaien Filtroko gertaerak jazo zirela 20 urte bete dira igandean
  • Filtroko gertaeren 20.urteurrena gogoan izan dute igandean. Sortuk Donostian eta Askapena eta Ahaztuak elkarteak Bilbon ekitaldia egin dute, eta Montevideon ere mobilizazioa izan da justizia eta erantzule eske.

Itziar Ugarte Irizar @itzugarte 2014ko abuztuaren 25
1994ko abuztuan Roberto Facal eta Fernando Morrini hil zituen Uruguaiko poliziak euskal errefuxiatuen aldeko protestan. (Arg.:kaixo.blogspot.com)

1994ko abuztuaren 24an Uruguain hiru euskal errefuxiatuen estradizio-aginduaren aurka manifestazio jendetsuak izan ziren. Poliziak bortizki erantzun zuen bi hildako eraginez: Roberto Facal eta Fernando Morroni.

Manueltxo Goitiak, Luis Mari Lizarraldek eta Mikel Ibañezek Espainiako poliziaren jazarpenetik ihesi egin zuten ihes Uruguaira 1990eko hamarkada hasieran. 1992ko maiatzean, ordea, polizia uruguairra lan egiten zuten La Trainera jatetxera sartu eta 30 lagun atxilotu zituen, tartean 13 euskal errefuxiatu. Horietako zortziren estradizioa agindu zuen Espainiako Gobernuak, Goitia, Lizarralde eta Ibañezena barne.

Manifestazio ugariren eta bi gose grebaren ostean, Montevideoko Filtro erietxera eraman zituzten. 4.000 lagunek erietxea inguratu eta polizia bortizki oldartu zen hauen aurka. Kolpeka eta tiroka erantzun zuten; atxilotu ugari, ehunka zauritu eta Facal eta Morroni erailak izan ziren.

Fernando Morronik hamar tirotik gora jaso zituen eta Roberto Facal etxetik irteten ari zela hil zuten. “Facal eta Morroni Euskal Herriari adierazitako babes eta elkartasunagatik erail zituzten”, adierazi zuen Amaia Izko Sortuko bozeramaileak igandeko ekitaldian.

Ospitaleko gelatik, manifestariak nola kolpatzen zituzten ikusi genuen”

Donostiako ekitaldian izan zen Goitia. Duela bi hamarkada bizitakoa azaltzeko hitzik ez duela azaldu dio Gara-ri.“Ez genuen sekula pentsatu errepresioa horrenbestekoa izan zitekeenik”, dio. Urugaik asilo eskubidea “oso barneratua” zuenez, hiru errefuxiatu estraditatuak izatea ezin zutela ulertu gogoratu du Goitiak.

Erietxeko gelatik, manifestariak nola kolpatzen zituzten ikusi zituela dio, baina ez zutela izan hildakoen berri hegazkinera igo zituztenera arte. Emozioz gogoratzen du, aireportura joateko esku-ohean atera zuten bitartean, mediku eta erizainek egin zioten pasilloa, Uruguaiko ereserkia abesten zuten bitartean.

Uruguaiko Gobernuak Morroniren heriotza bere gain hartu du, baina ez Facaleana.

"Guernica 94", gertakarien inguruko dokumentala