argia.eus
INPRIMATU
Urtza Alkorta azaroaren 14an askatuko dute
  • Azaroaren 14an askatuko dute Urtza Alkorta ondarrutarra. Bere kasua ezagun egin zen, ehunka lagunek desobedientzia aldarrikatu eta sei egunez bera babesteko "zubi harresia" antolatu ostean.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2015eko urriaren 29a
Alkorta babestu zuten ehunka lagunek Ondarroan.

ETAri laguntzea egotzita, guztira bost urte egin ditu kartzelan. Bi urte eta erdi egin zituen lehenik, eta ondoren, beste bi urte eta erdi egin ditu. Akusazioa ukatzeaz gain, Ertzaintzak torturatu egin zuela eta bere aurkako froga bakarra torturapean sinatutako dokumentua zela salatu zuen. Estremerako espetxean dago, Ondarroatik 499 kilometrora.

2013ko maiatzaren 15ean atxilotu zuten Alkorta, ehunka lagunek osatutako herri harresia deseginda. Jaurlaritzak emandako datuen arabera 300 agente, 40 furgoneta, 2 zodiac eta helikoptero bat mobilizatu zituzten atxiloketan.

Ertzaintzaren jarrera bortitza salatu zuten herri harresiko kide ugarik, dozenaka zauritu artatu zituzten erizain bolondresek. Iñigo Urkullu lehendakariak Ertzaintzaren jarrera "eredugarria" izan zela eta agenteek egindako lanaz "harro" zegoela adierazi zuen.

Sei egunez babestu zuten Alkorta, hilabete lehenago Donostiako AskeGuneko estrategia erabiliz.

Alkortaren atxiloketak hedabideen arreta deitu zuen, The Guardianen egun hartako argazkien artean hautatua izatera iritsiz. Sare sozialetan #ResistOndarru eta #ResistUrtza traolak Espainiako Estatu mailan hitz erabilienen zerrendan sartu ziren babes mezu asko jasoz. 

Ondarroako AskeGunea osatu zutenetik amaitu arteko jarraipena egin genuen ARGIAn. Kanal honetan gaiarekin lotutako informazio gehiago.