argia.eus
INPRIMATU
Urteko lehen lauhilekoan, ia 2.000 emakumek salatu dute indarkeria matxista EAEn
  • Sexu-erasoak, bikotekideen edo bikotekide ohien erasoak eta bestelako senideek egindakoak hartu dituzte kontuan zenbaketan. Bizkaian, %29 egin dute gora salatutako sexu-erasoek.

Gedar @GedarLangileKZ 2025eko ekainaren 05
Zestoako Itaia

2025eko lehen lauhilekoan, apirilaren bukaerara bitartean alegia, EAEn 1.888 emakumek jarri dute salaketaren bat indarkeria matxistagatik. 2024ko lehen lauhilekoko datuekin alderatuta, %5 egin dute behera Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako salaketek. "Sexu-askatasunaren aurkako delitutzat" jotakoak, bikotekideek edo bikotekide ohiek egindako erasoak eta bestelako senideen partetik jasandakoak barne hartu dituzte zenbaketan.

Bikotekideek edo bikotekide ohiek egindako erasoak dira salatu diren eraso matxista gehienak, 1.888 salaketetatik 1.322 hain zuzen ere. Iazko aurreneko lauhilekoarekin alderatuta, %5,3 jaitsi da salaketa kopurua. Bestelako senideek egindako erasoei lotutako salaketak, berriz, 339 izan dira 2025eko lehen lauhilekoan, eta 362 izan ziren 2024koan, %6,3 gehiago.

"Sexu-askatasunaren aurkako delituei" dagokienez, 219 emakumek salatu dute sexu-erasoren bat jasan izana aurtengo aurrenengo lauhilekoan, aurreko urteko epe berean baino %0,4 gutxiagok. Hala ere, nabarmena da Bizkaian urte batetik bestera izan den gorakada: iazko lehen lauhilekoan baino %29 sexu-eraso gehiago salatu dira aurtengoan, 100etik 129ra igo baita kopurua.