argia.eus
INPRIMATU
Urtebete, 325 disko eta gainontzeko guztia berdin
  • 325 disko inguru argitaratu ziren 2012an Euskal Herrian, erdia baino gutxixeago euskaraz. Auto-ekoizpenak goraka jarraitzen du eta estilo aldetik ugaritasuna da nagusi. Hirugarrenez Entzun!ek eta Harrobia Lantzenek argitaratu duten Gureandoinu txostenetik (pdf) ateratzen diren ondorioak dira.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2013ko otsailaren 27a
Gureandoinu txostena argitaratu dutea hirugarrenez Entzun!-ek eta Harrobia Lantzen-ek.

Kopurua aurreko bi urteen antzekoa da —2011ko txostena (pdf) eta 2010ekoa (pdf)— eta ohitzen joan beharko dugu, nahiz eta harrigarri samarra den zenbat musika argitaratzen den eta zenbat pasatzen den ia oharkabean. Kontuak horrela jarraituko du, kritikak behar bezalako garrantzirik hartzen ez badu: publiko handiarengana iritsi ahal izatea gihar promozionala dutenen esku egongo da, batez ere.

Inaxio Esnaola kazetariak txostenaren editorialean nabarmendu du hainbat talde hasi direla Soundcloud eta Bandcamp bezalako plataformak erabiltzen euren musika zabaltzeko. Hori ere ez da berri-berria, lehendik Myspace aski erabilia zen. Internet ezinbestekoa bihurtu da edozein talderentzat baina, ez dirudi euskal musikak Buztan Luzeko ekonomia garatzea lortu duenik.

Bestalde, Esnaola kritiko agertu da Josu Zabalak urtarrilean Huheziko EKT graduondokoan esandakoekin: “Duela hilabete gutxi unibertsitatera hurbildu zen, euskal musikaren heriotza berretsiko zuelakoan. Ez da horrela pentsatzen duen bakarra. Badira hamarkada loriatsuetan trebatutako hainbat iritzi berekoak. Beraien zoritxarrerako, ordea, oker daude (…) gure musikagintzak bere bidea egiten jarraitu du. Segitzen du. Erritmo onean, gainera”.

[Artikulu hau Gorka Bereziartuaren Boligrafo Gorria blogean argitaratu da. Kulturari buruzko gai gehiago topatuko duzu bertan].