Legez arautu dute soldata berdina lortzeko eskubidea Islandian. Urte berriarekin batera, lan berdina edo balio bereko lana egiteagatik ezingo zaie gutxiago ordaindu emakumeei. Soldata berdintasuna legez bermatzen duen lehen herrialdea da.
Sindikatuen, enpresa konfederazioen eta gobernuaren arteko adostasunaren emaitza da sistema berria. Gizonen eta emakumeen arteko desberdintasun ekonomikoarekin amaitzea helburu duen legea da eta berdintasunerako bidean mugarri izango da.
Arau eta jokabide berriak biltzen ditu eta aurrera atera ahal izateko mekanismo bat eratu dute: 25 langiletik gorako enpresek soldaten berdintasunaren legea betetzen dela egiaztatu beharko dute, ziurtagiri baten bidez. Nolabait, produktu ekologikoak edo bertako elikagaiak saltzen dituen ekoizleari eskatzen zaion agiriaren antzekoa izango da.
Aho batez onartu da lege berria parlamentuan. Kontuan hartuz diputatuen erdia baino gehiago emakumezkoak direla, tramite hutsa izan da egitasmoa arautzea. Islandia munduko herrialde aurrerakoienetakotzat jotzen bada, orain arte emakumeek %7-19 gutxiago irabazten zuten. Hemendik aurrera legez zigortuko da jokabide hori.