argia.eus
INPRIMATU
Urte amaierara arte luzatuko da Kolonbiako su-etena
  • Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak FARC gerrillarekin duen su-etena abenduaren 31era arte luzatu du. Akordioaren aldeko eta aurkakoekin bildu ostean eman du erabakiaren berri.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2016ko urriaren 14a
Juan Manuel Santos presidentea Bakerako Negoziaketa Taldearekin bilduta (Kolonbiako gobernua)

Santosek adierazi duenez bakearen aldeko hainbat martxa antolatu dituzten gazteekin hitz egin ondoren hartu du erabakia. “Denborak bakearen eta bizitzaren aurka konspiratzen du”, azaldu du prozesu azkarrago baten esperoan. Abendura bitartean akordioa adostu nahi dutela gehitu du presidenteak, hala ere, garbi utziz ez dela “ultimatum” bat.

Idatzi baten bidez eman du hainbat bileretan hitz egindakoaren berri. OCDE Lankidetza eta Garapen Ekonomikorako Elkarteko idazkari nagusi Angel Gurriak bakearen aldeko apustuari babesa eman dio eta hau garapenera bidean beharrezkoa dela nabarmendu du. OEA Estatu Amerikarren Erakundeko idazkari nagusi Luis Almagrok ere aurrera egitearen beharra azpimarratu du.

Luzapenaren aurretik abuztuaren 29tik abian den su-etenak irailaren 31ean zuen iraungitze data, hala azaldu zuen irailaren 4an Santosek, ezezkoak erreferenduma irabazi ostean.

Bestalde, erreferendumean ezezkoaren alde egin zuen Andres Pastrana presidente ohiak bere proposamen propioa argitaratu du. Baldintzen artean gerrillako kideentzat zigorrak eta haien ondasunen desjabetzea aipatzen ditu.