Urrian iragarri zuten greba orokorraren eguna zehaztu dute asteartean Bilbon. Pentsio eta bizitza duinen aldeko lanuztea izango da.
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak antolatutako grebak badu data, asteartean Bilbon egindako agerraldian publiko egin dutena: urtarrilak 30.
Grebaren berri emanez urrian egindako agerraldian, ELAko idazkari Mitxel Lakuntzak adierazi zuen borroka asko batzeko xedea zuela grebak: “Egungo egoera ikusita, erantzunak eta alternatibak hainbat sektoretatik bideratu dira; pentsiodunetatik, feminismotik, ekologismotik eta lan baldintzen aldeko borroketatik. Greba horiek guztiak gure grebak dira; denekin bat egiten dugu”.
Greba feministak mahai gaineratutako ideiari tiraka, bizitza erdigunean jarriko duen jendarte batetarantz bidea egin nahi du greba orokor honek ere. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunaren hitzetan, jendarte horren oinarrian leudeke sektore publikoaren lidergoa, aberastasunaren birbanaketa eta eskubideen unibertsaltasuna.
Astearteko agerraldian eskaera zehatzak ere egin dituzte. Pentsioei dagokienez zera eskatu dute: gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea; pentsioak urtero gutxienez KPI bezainbeste igotzea; eta berrogei urtetan kotizatu dutenak aldez aurretik erretiratu ahal izatea, pentsioan inolako zigorrik pairatu gabe.
Lan esparruari begira ere, egin dituzte hainbat eskakizun: 2010. eta 2012. urteetako lan erreformak bertan behera uztea, 1.200 euroko gutxieneko soldata, eta lansarietako genero arrakala ezabatzea. Ildo horretan, ondokoa ere eskatu dute: EAEn diru sarrerak bermatzeko errenta gutxieneko soldataren parekoa izatea, eta berdin Nafarroan ere, bermatutako errentari dagokionez.
Atxikimendu bilketa zabalik dago oraindik, eta dagoeneko hainbat eta hainbat dira grebarekin bat egin dutenak.
Grebarekin bat egin ez duenik ere bada. CCOO sindikatuak ez du babestu greba; are gehiago, kritika egin dio pentsionisten mugimenduari: “Pentsiodunen mugimenduak erabaki bat hartu behar du: ea aurrerantzean ere euskal gizartea ordezkatuko duen eragile bat izango den, ala sindikatu abertzalearen eta baztertzaileen makulu sozial bihurtuko den”.