argia.eus
INPRIMATU
Urtarrilaren 11ko presoen aldeko mobilizaziori buruzko argibideak
  • Urtarrilaren 11n Bilbon presoen eta iheslarien eskubideen defentsan antolatutako mobilizazioak egun osoko egitaraua izango du. Besteak beste, kontzertuak, eta azokak. Protesta ez da manifestazio arrunta izango, “mobilitsasoa” baizik. Herritarren “itsasoa”, alegia.

Saioa Alkaiza Guallar @SaioaAlkaiza 2013ko abenduaren 20a

Egin klik mapan xehetasunak ikusteko

Lau gune prestatu dituzte Tantaz Tanta ekimeneko kideek Areatza inguruan.

Lehenengo gunea: Karpa handia. Goiz partean, Petti, Francis (Doctor Deseo), Gozategi, Occhi di Farfalla, Uluka, Hesian akustikoan, Kokein akustikoan eta Xabi Solano & Zigor DZ igoko dira oholtzara. Gauean, Gosek, Zutikek eta Kaotikok joko dute.

Bigarren gunea: Karpa txikia. Taberna funtzioa egiteko montatuko duten txokoa.

Hirugarren gunea: Pasealekua. Presoen artelanekin erakusketa antolatu eta azoka egingo dute.

Laugarren gunea: Arkupea. Haurrentzako pentsatutako lekua da. Jostatzeko makina bat proposamen eskainiko dituzte: besteak beste, rokodromoa, puzgarriak, umeentzako jolasak eta Puski eta Txurruski pailazoak.

“Mobilitsasoa”: bi “olatuk” osatuta

17:30ean hasiko da arratsaldeko “marea”. Bi manifestazio egingo dituzte aldi berean, eta gero elkartuko dituzte. La Casillatik “olatu” bat aterako da, hots, manifestazioetako bat, presoen senitartekoak buru. Hemendik Araba eta Bizkaiko herritarrei joateko deialdia luzatu zaie. Beste “olatua” Bilboko Udaletxetik abiatuko da, eta Ipar Euskal Herria, Nafarroa eta Gipuzkoako herritarrak abiatuko dira bertatik.

18:30ean bi olatuak ibilbidearen erdian elkartuko dira. “Itsasoa gara” kanta abestu eta paperezko tantak altxatzeko deialdia egin dute.

Twitter bidez protestaren berri emateko #ItsasoaGara eta #BringThemHome traolak proposatu dituzte.

“Itsasoa gara” kantarekin Durangon sortutako bideoklipa.

Tanta izateko tutoriala.

Azaroan Gasteizen osatu zuten "ur jauzia"