argia.eus
INPRIMATU
Josu Urrutikoetxea atxilotu dute, epaileak kontrol judizialpean aske utzi ondoren
  • Asteazken goiz honetan Parisko Dei Epaitegiak Josu Urrutikoetxea kontrol judizalpean aske uztea erabaki ondoren, poliziak atxilotu egin du berriz, Espainiako Estatuko euroagindu bati erantzunez.

ARGIA @argia 2019ko ekainaren 19a
Josu Urrutikoetxea, artxiboko argazki batean.

19:00etan, Urrutikoetxea La Santeko kartzelatik ateratzekoa zenean atxilotu dute berriz. Mediabask-ek baieztatu duenez, Espainiako Estatuko euroagindu batengatik atzeman dute eta Parisko tribunalaren esku dago orain euskal presoarekin zer egin erabakitzea. Gehienez 48 orduko tartean eramango dute berriz epailearen aurrera.

Aurretik, kontrol judizalpean aske

Asteazken goizean Parisko Dei Auzitegiko epaileak erabakia zuen epaiketa iritsi bitartean Josu Urrutikoetxea kontrol judizialpean libre uztea. "Ez zarete baldintzapeko askatasun eskaera bat aztertzera deituak; espetxeratze prebentibo bat aztertzera deituak zarete", adierazi dio epaileari Urrutikoetxearen abokatu Laurent Pasquet-Marinaccek. ETAko buruzagi ohiak bakearen alde “azken 30 urteetan” egin duen lana ere nabarmendu du.

Urrutikoetxearen gaixotasunari dagokionez, Pasquet-Marinaccek gogoratu du mediku hitzordu biren artean atxilotu zutela Urrutikoetxea, “larrialdi handiko ebakuntza” egin behar ziotela.

Louis Joinet berme gisa

Louis Joinet frantziar legelariak bere etxea eskaini du denbora honetan Urrutikoetxea hartzeko, bermeak sendotu nahian. Pertsona ezaguna da Joinet. Urtetan Frantziako Estatuko Francois Mitterrand presidentearen aholkularia izan zen, eta ETAren armagabetzean paper aktiboa jokatu zuen, besteak beste.