Asteartean hasiko da Kataluniako hamabi buruzagi independentisten aurkako epaiketa, Espainiako Auzitegi Gorenean. Auzipetuek hamasei eta 25 urte arteko espetxe zigorrei egingo diete aurre.
2017ko urriaren 1eko erreferenduma antolatu eta Kataluniako independentzia aldarrikatzeagatik, auzipetuen aulkian eseriko dira hamabi buruzagi independentista. Autoak dioenez, 2017ko irailean eta urrian jazotakoak dira epaiketaren arrazoi: irailaren 6an eta 7an Kataluniako Parlamentuan erreferendumerako legea eta trantsizio juridikorako legea onartu izana; irailaren 20an Ekonomia Kontseilaritzaren eraikinaren aurrean burututako mobilizazioak; urriaren 1eko erreferenduma; eta Kataluniako Parlamentuak urriaren 27an egindako aldebakarreko independentzia deklarazioa.
Otsailaren 12ko asteartean hasi eta hiru hilabetez luzatuko da epaiketa, iturri judizialak aipatuz komunikabide batzuk emandako informazioaren arabera. Momentuz, aste honetako eta datorren asteko saioak daude zehaztuta: astearte, asteazken eta ostegunetan egingo dira, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara. Auzipetuek hamasei eta 25 urte arteko espetxe zigorrei egingo diete aurre.
Epaia, printzipioz, maiatzaren 26rako deituta dauden Europako Parlamenturako zein udal eta foru hauteskundeen ostean egingo da publiko. Espainiako presidente Pedro Sanchezek, aldiz, ez du alboratzen hauteskundeak apirilaren 14ra aurreratzea.
Epaiketaren bezperan, gauez, Espainiako Auzitegi Gorenaren aurrealdean 2017ko urriaren 1eko karga polizialen irudiak proiektatu zituzten. Herritarren kontra poliziak erabilitako indarkeria erakusten zuten irudiekin batera, “Spanish democracy” leloa irakurri zitekeen. Proiekzioa ez du inork beregain hartu, eta CDRek egin dute publiko sareetan.
Volem donar les gràcies a totes les que han fet aquesta acció.#judiciFARSA #CDRenXarxa pic.twitter.com/f5wEvSdOcd
— CDR Catalunya (@CDRCatOficial) 2019(e)ko otsailaren 12(a)
Otsailaren 12ko goizean goizetik epaiketaren aurkako aldarrikapenek hartu dituzte kale zein errepideak. CDRek hainbat errepide itxi dituzte Bartzelonan bertan zein hiritik kanpo.
Avui comença el #JudiciFARSA. Ens volen submises i callades. No permetrem que es normalitzi la repressió! Novament els #CDRenXarxa sortim al carrer a plantar-hi cara.#12F #12FNiCalladesNiSubmises pic.twitter.com/LekCkxK9mw
— CDR Catalunya (@CDRCatOficial) 2019(e)ko otsailaren 12(a)
“Erabakitzea ez da delitua” lemapean, Espainiako Auzitegi Gorenaren atarietan batu dira Kataluniako instituzioetako ordezkariak -Quim Torra, Elisenda Paluzie, Marcel Mauri, Roger Torrent edo Vidal Aragoneses, besteak beste-, ANC eta Omnium erakundeetako kideekin batera.