argia.eus
INPRIMATU
Urriaren 15ean preso gaixoen aldeko manifestaziora deitu du Sarek
  • Euskal preso politikoei sakabanaketa eta salbuespenezko beste arau batzuk ezartzearen aurkako Salatzen dut kanpaina aurkeztu dute, Sare plataformaren izenean, Arantza Aldezabal eta Joseba Azkarragak. Horrekin batera, larriki gaixo dauden presoen aldeko manifestazioa iragarri dute; urriaren 15ean egingo dute, Donostian, Gaixo larriak etxera leloarekin.

ARGIA @argia 2016ko irailaren 6a
(Argazkia: Gorka Rubio / Argazki Press).

Dispertsioak presoen %95i eta haien familiei eragiten diela azpimarratu dute Aldezabalek eta Azkarragak. Horren aurkako aldarria nonahi zabaltzearen aldeko apustua egin nahi du Sarek: “Herritar guztiek kanpainarekin bat egin eta haren ikurra Euskal Herriko bazter guztietan ager dadila”.

Besteak beste, preso gaixo larriek legediaren araberako tratua jaso dezatela eskatuko dute. Halaber, zigor batuketa aintzat harturik zazpi presok dagoeneko etxean beharko luketela gogorarazi dute. Urraketa hori Europar Batasuneko erakundeen aurrean salatuko dutela berretsi dute, abuztuan iragarri bezala.