argia.eus
INPRIMATU
Urriaren 12an Gasteizen Falangeari aurre egiteko hainbat deialdi egin dituzte
  • Espainiako Falangea alderdi faxistak ekitaldia egingo du Gasteizen urriaren 12an, “Hispanitatearen eguna” deitzen dutenean, Espainiaren batasuna goraipatzeko. Sare sozialetan zabaldu dutenez, 12:00etan elkartuko dira Probintzia Plazan.

Hala Bedi @halabedi 2025eko urriaren 10
Guardia Zibilaren terrorearen apologia egin zuten Gasteizen iaz, plaza erdi huts batean Dos Por Dos / ARGIA CC-BY-SA

Deialdi horri erantzuteko hainbat mobilizazio deialdi zabaldu dira. Gasteizko Herri Mugimenduak sinatu duen kartel batean, "olatu erreakzionario eta arrazistaren aurka, Gasteiz antikoloniala antolatu" leloa zabaldu dute, eta 12.00etan Arka Plazan gelditzeko deialdia. Ernaik ere kartel bat zabaldu du lelo berarekin.

Gasteizko GKSk ere Falangeari aurre egitera deitu du, "azken urteetan nabarmentzen ari diren ideia faxista, matxista, arrazista eta espainolisten aurrean".

Beste mobilizazio deialdi bat ere zabaldu da sareetan eta kalean, “Faxismoaren aurrean klase batasuna. Falangea suntsitu” lelopean, 11.30etan Marqués de la Alameda plazan.

ASKE antolakundeak manifestaziora dei egin du arratsaldeko 17.00etan Andra Mari Zuriaren plazatik. "Zapalkuntza nazionala eta indar armatuak zuritzeko Espainiar Estatuak inposatutako jai egun arrotzean", manifestazioa "indar errepresiboak suntsitu" lelopean egingo dute.