argia.eus
INPRIMATU
Urriaren 11n grebara deitu dituzte EHUko ikertzaile eta irakasleak, "lan baldintzen prekarizazioa" salatzeko
  • ELA, LAB, Steilas eta CCOO sindikatuek egin dute greba deialdia. Salatu dute unibertsitate lege berriaren irakurketa "interesatua" egin duela errektoretza taldeak, eta ordezko irakasleen kontratu gehienak partzialak izango direla horren ondorioz. Azpimarratu dute EHUko lan baldintzen okertzea ez dela "oraingo auzia".

Irati Irazusta Jauregi 2023ko irailaren 21a
Sindikatuek prentsaurrekoa egin dute irailaren 20an, Leioako campusean. (Argazkia: EHUko Prekarioen Koordinadora)

EHUko irakasle eta ikertzaileak grebara deitu dituzte urriaren 11rako. ELA, LAB, Steilas eta CCOO sindikatuek egin dute deialdia astazkenean prentsaurrekoan, eta EHUko Prekarioen Koordinadorak ere bat egin du. Lan baldintza prekarioak salatu eta euren eskubideak defendatu nahi dituzte.

Azken asteetan sindikatuek eta koordinadorak salatu dute EHUk Unibertsitate Sistemako Lege Organiko berriaren (USLO) irakurketa "interesatua" egin duela. Horren ondorioz, ordezko irakasleen kontratu gehienak partzialak izango dira, gehienez ere 800 euroko ordainsaria dutenak. 

Prentsaurrekoan, errektoretza-taldearen asmo horrez gain, azpimarratu dute irakasle eta ikertzaileen lan baldintzak okertzea ez dela "oraingo auzia", eta ez diela ordezko irakasleei soilik eragiten.

Zenbait adibide eman dituzte egoera azaltzeko: erretiroen akordioa deuseztatzea eta ondorioz borondatezko erretiroak sustatzeko baldintzak gogortzea, zentroak ixtea edota irakasle-ikertzaile kolektiboen arteko bereizketak eta diskriminazioak egitea. Horrez gain, ohartarazi dute Jardun Akademikorako Planak (JAP) murrizketak ekarriko dituela eta horrek irakasleen lan zama handituko dituela.

Sindikatuen aldarrikapenak

Hori horrela, zenbait aldarrikapen egin dituzte sindikatuek. Hasteko, irakasle-ikertzaileen ordezkapenak lanaldi osokoak izatea, eta lanaldi partzialeko irakasleen kasuan, irakaskuntzaz gainerako jarduna aitortu eta ordaintzea. Irakaskuntza-zama ez handitzeko ere eskatu dute, horretarako, langile kopurua handituta eta burokratizazioari mugak jarrita, besteak beste.

Salatu dute azken urteetan soldatak ez direla bizitzaren garestitzearen neurri berean handitu, eta, hortaz, galdutako erosahalmena berreskuratzea aldarrikatu dute, eta irakasle eta ikertzaileen artean diskriminaziorik ez egitea. Azkenik, EHUko finantzazioa handitzeko eta hori langileengana ere bideratzeko beharra nabarmendu dute.