argia.eus
INPRIMATU
Urriaren 10 eta 11n Alternatiba dinamika Donibane Garazira helduko da
  • “Krisi ekonomiko, ekologiko eta sozialaren” aurrean irtenbideak aurkezteko xedearekin, Alternatiba Garazi herrixka alternatiboa egingo dute urriaren 10 eta 11n. Bertan izanen da Susan George analista politiko eta filosofoa, egungo gizarte ereduaren aurkako borrokagatik ezaguna.

EƱaut Agirrebengoa Apaolaza @eagirrebeng 2015eko urriaren 05
Alternatiba mugimendua 2013ko urrian sortu zen, Baionan

Urriaren 10ean, arratsaldeko zortzietan, Georgek "Sistema alda dezagun eta ez klima" hitzaldia emanen du Noël Mamèrerekin batera. Ondoren, urriaren 11n, publikoari informazio gune desberdinak eskainiko zaizkio. Besteak beste, ur-energia, eko-eraikuntza, garraioa, turismoa, haurdunaldia, haurrak eta heziketa, elkartasuna eta partekatzea eta  kontsumo arduratsua bezalako gaiak jorratuko dira.

Gainera, 9:30etatik aurrera jendeak tokiko ekoizpenen merkatuan erosketak egiteko aukera izanen du. Bertan, etxeko ekoizpenak, biologikoak eta bidezko merkataritzan oinarriturikoak aurkitu ahalko dituzte. Eguna hitzaldiek, tailerrek eta haurrentzako jokoek osatuko dute.

COP21 konferentziari begira sortua

Alternatiba dinamika 2013ko urrian abiatu zen, aurtengo abenduan aldaketa klimatikoaren inguruan Nazio Batuen Erakundeak eginen duen COP21 konferentziaren karietara. Dinamikaren helburua buruzagiak klimaren inguruan nazioarteko akordio “sendo eta zuzen” baten beharraz ohartaraztea da. Alternatibatik adierazi dutenez, ekimen honekin ingurumenarentzat irtenbideak martxan jar daitezkeela frogatu nahiko lukete, eta, era berean, justizia sozialaren eta klimaren artean “zubiak eraiki”.

Gaur egun jada ehun Alternatiba baino gehiago daude antolaturik Europan. Euskal Herrian hurrengoa Bilbon eginen da, urriaren 24an.