argia.eus
INPRIMATU
Urrian Lapurdin jokatuko den Munduko Pilota Txapelketa, orain arteko anitzena
  • Urriaren 23tik 29ra Biarritzen jokatuko da Munduko Pilota Txapelketa. Aurtengoaren berritasun dira lehen aldiz bost kontinenteek ordezkaritza izango dutela, ahalmen urrikoek parte hartuko dutela eta emakumezkoek zesta-puntan parte hartuko dutela. Eta lehen aldiz, zuzenean eskainiko da hainbat herrialdeetan.

ARGIA @argia 2022ko irailaren 23a

Duela 44 urte hartu zuen azkenekoz Biarritzek Munduko Pilota Txapelketa. Aurtengoan Biarritz, Baiona, Bidarte eta Hazparnen hartuko dituzte mundu osoko kirolariak: astebetez 630 pilotari espero dituzte, guztira 360 partida jokatzeko. Lehen aldiz, gainera, bost kontinenteek izango dituzte ordezkariak, guztira 34 herrialdek. Baina Euskal Herriak eta aitortuak ez diren gainerako herriek ezingo dute beren izenarekin parte hartu.

70 urte, ahalmen urriko jokalariei parte hartzen utzi arte

Kazeta hedabideak oroitarazi duenez, 1952an jokatu zen lehen aldiz Munduko Txapelketa eta 70 urte beranduago egingo zaie leku ahalmen urriko jokalariei. Emakumeek Munduko Txapelketetan lehen aldiz duela 32 urte hartu zuten parte, eta aurten zesta-puntan ere arituko dira, lehenengoz.

Parte-hartzaileen nolakotasunez gain, bada berrikuntzarik materialetan: pilotari batzuek karbono zuntzezko paletaz jokatuko dute eta gomazko paletan eta frontenisean hainbat jokalari galtza motzetan aterako da, ez galtza zuriz.