argia.eus
INPRIMATU
Urretxuko karroza-egileen manifestazioa, “eraso faxista” salatzeko
  • Euskal Jaiko karrozen kolektiboak eta Zumarraga eta Urretxuko gazte mugimenduak deituta, manifestazioa egin zuten ostiral iluntzean, karrozek jasan zuten erasoari erantzuteko.

ARGIA @argia 2018ko irailaren 11
"Jai herrikoi, parekide eta antifaxistak" aldarrikatu zituen manifestazioak (Argazkia: Otamotz.eus)

300 bat lagunek hartu zuten parte Eraso faxisten aurrean, herria tinko!! Gora jai herrikoi, parekide eta antifaxistak! lemapean egindako manifestazioan, Otamotz agerkariak jaso duenez.

Irailaren 3tik 4rako gauean Francoren aldeko pintaketak egin zizkieten karrozei, horietako batzuetan txikizioak egin eta materiala lapurtzeaz gain.

Zaintza poliziala eta segurtasun kamerak

Irailaren 4an, erasoaren berri izan ostean, Urretxuko Udalak oharra plazaratu zuen. "Erabateko haserre eta gaitzezpena" adierazi du, eta gaineratu "elkarren arteko errespetua, aniztasuna eta jarrera eraikitzailea oinarri dituen Urretxu baten alde lan egiten" jarraituko duela. Udalak jakinarazi duenez, hartu duen lehenbiziko neurria izan da zaintza poliziala indartzea eta segurtasun kamerak jartzea.

Bestalde, Zumarraga eta Urretxuko Gazte Asanbladak (ZUGA)  adierazi du "amorruz" hartu duela erasoari buruzko berria; "ez ordea harriduraz, joera faxistako ekintzak gero eta ohikoagoak direlako gurean". Gazteek diote "erantzutea beste aukerarik" ez dutela, gisa horretako erasoak salatuz edota, epe luzeagoan, "auzo eta herrietako asanbladetan parte hartuz eta eraso orori antolakuntzaz eta borrokaz gain hartuz".