Besteak beste, film onenaren saria irabazteko lehian egongo da La sociedad de la nieve, Saben aquell, Un Amor eta Víctor Erice bizkaitarraren Cerrar los ojos-ekin batera.
Espainiako Zine Akademiak larunbat gauean banatuko ditu Goya sariak, eta hautagai printzipala Estibaliz Urresola laudioarrak zuzendutako 20.000 especies de abejas filma izango da. Hautagai guztien artean, izendapen gehien dituena da –hamabost–, eta atzetik ditu, errenkadan, La sociedad de la nieve –hamahiru izendapen–, Saben aquell eta Cerrar los ojos –hamaikana; Víctor Erice bizkaitarrak zuzendu du azken hori– eta Un amor –zazpi izendapen–. Bost pelikula horiek film onena eskuratzeko lehiatuko dira larunbat gauean.
Horrez gain, Urresolak zuzendutako pelikula ondorengo kategoria hauetan ere hautagai izango da: zuzendari berri onena, gidoi original onena, emakumezko aktore printzipal onena, bigarren mailako gizon eta emakume aktore onena, argazkigintza, produkzioa, soinua, arte-zuzendaritza, muntaia, efektu bereziak eta jantzitegia.
Primeran plataforman, ikusgai
Goya sarien atariko, EiTBk Primeran doako plataforman eskegi du 20.000 especies de abejas pelikula –ez da ordainpekoa, baina kontua sortu behar da–. Jatorrizko hizkuntzan ikusi ahalko da, eta ez da euskara hutsean, euskal telebistak azpimarratu duen gisan; pertsonaien elkarrizketen inguru %70 inguru gazteleraz dira, eta beste %30 euskaraz, Urtzi Urkizuk Berria-n ñabardura egin duenez.
Iazko udaberrian estreinatu zen pelikula zine-aretoetan, eta ibilbide oparoa egin zuen. Ordainpeko Movistar plataformak erosi zuen udazkenean, eta aste honetantxe heldu da EiTBren Primeran plataformara.
Urresola: "2018an hasi nintzen pelikulan lanean eta orduan pentsaezina zen 2023an Trans Legea existituko zenik"
Zakilarekin jaio eta mutil izan nahi ez duen zortzi urteko gaztea da Coco. Afera horren bueltan ardazten da pelikula, udako oporraldi batean, amona eta izeba aldamenean dituela.
“Transgeneroen errealitatea ezagutzen nuen, baina pertsonalki ez nuen pertsona bat bera ere ezagutzen”, kontatu dio Aitor Aspuru Aiaraldeako kazetariari jarraian erantsitako bideo-elkarrizketan. Ondarroako Ekai Lersundiren kasuak gerturatu zuen Urresola Naizen elkartera, eta bizi-esperientziak konpartitu nahi zituzten familiekin elkarrizketa saioak abiatu zituen. Zuzenago eta zehatzago, 2018an hasi zen pelikularekin lanean.
“Asko beldurtu nau sormen prozesuan zehar zaplaztekoak eroriko zitzaizkidala alde guztietatik; feminismoaren alderdi batzuetatik, ikuspegi eskuindarrago batetik... Zoragarria izan da, dena den, filma Berlinen aurkeztu genuen aste berean Trans Legea onartu izana Espainiako Kongresuak. Ze gauza, ez? 2018an hasi nintzenean, inguruan pedagogia egin behar izan nuen, eta momentu horretatik estreinatu genuen arte urratsak eman dira sozialki”.
Urresolak aipatzen duen pedagogia edota zabalpen lana, ARGIAn bertan egin zuen 2022ko Donostiako Zinemaldian. Festibalean egon zen Cuerdas film laburra aurkezten, baina Izar Mendiguren kazetariari aurreratzen zion grabaketa amaiturik zutela eta muntaia lanetan zeudela.
Honela azaldu zuen zein izango zen pelikularen ardatza: “Bidaia edo egoera horretan, mutil gisa irakurria den alabak familiaren aurrean nor den azaltzeko pausoa emango du. Ez dira umeak genero aldaketa egiten dutenak, eraldaketa hori familiak edo inguruak egiten du. Ispiluen jokoa, edo harremanen elkar eragina adierazi nahi izan dut film luzean”.
Goya sarietako euskal herritarrak
Urresolaz gain, Karrantzan (Bizkaia) jaioa den Víctor Ericeren Cerrar los ojos pelikula ere hautagaien artean izango da, besteak beste zuzendaritza onenaren eta gidoirik onenaren saria eskuratzeko. Itsaso Arana tafallarraren Las chicas están bien pelikula, berriz, 20.000 especies de abejas-ekin batera, zuzendaritza gazte onenaren sarian ariko da. Eta horiekin batera, Euskal Herriko ekoiztetxea duen Upon entry ere bai.
Besteren artean, El sueño de la Sultana –Isabel Herguera zinegile donostiarrarena– animaziozko film onenen artean lehiatuko da, eta Txotxongiloa, aldiz, animaziozko laburren kategorian.