argia.eus
INPRIMATU
[Urola Kosta] Aurreko lanuzteen tankeran, ia dena geldirik
  • Aitzol Aristorena LABeko Urolako Kostako arduradunak iragarri zigun gaur gertatuko zena. Enpresa handiek greba egitearen alde bozkatua zuten, eta beraz, lanuztea erabatekoa izango zela aurreikusi zuten.

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2013ko maiatzaren 30
Azpeitiko kale nagusia. (Argazkia: Onintza Irureta)

Bi enpresa handik erabaki dute gaur lana egitea; Azkoitiko Sidenor-ek eta Zumaiako GKNk. Lehenengoan CCOO da nagusi eta bigarrengoan UGT. Bi sindikatu horiek ez dute bat egin greba deialdiarekin. Sindikatuak enpresa txikienetara ez dira heltzen, eta haien berri izaten gaurko goiz bueltan saiatu gara. Azken greba orokorrean Urola Kostan ibili ez banintzen ere, aurrekoetan bai, eta diferentzia handirik ez dut aurkitu. Azkoitia, Azpeitia, Zestoa eta Zarauzko industrialdeak ia hutsik. Kaleetan, lehenengo orduetan animarik ez, dena itxita, eta geroago etxean aspertutako herritarrak paseatzera atera dira guardasolapean. Irakaskuntzak erabateko greba egin du. Haurrak jolasera atera dira euripean.

Azpeitian gaur greba. Eta bihar zer?

Urola Kostako herri hau oso ezaguna egin da azken aldian, Corrugados Azpeitia enpresa handiko gatazka dela tarteko.Aristorenari galdetu diogu ea eskualdean bereziki zigortutako herria den Azpeitia. Ez da hala. Urola Kostan langabezia tasa %14 inguru da, eta Azpeitikoa zerbait altuagoa, %16 inguru. Egur lanetan eta altzarigintzan aritzen delako nabarmentzen da Azpeitia. 1.065 langabetu daude orain. 483 zerbitzuetan, 365 industrian, 75 eraikuntzan eta 35 nekazaritzan. 1.065era iristeko gainerako langabetuak lehendik datozenak dira. 20-40 urte artekoak daude lanik gabe, batik bat.

Enpresa handiak itxi dira Azpeitian, Azcue y Cía (400 langile inguru izan zituen) eta Muebles Landu, esate baterako. Itxi gabe dauden beste batzuk larri dabiltza, langileak kaleratuta: Grumel-ek 300dik gora langile izan zituen eta orain 100 inguruan dabil. Danona eta LanMobel-ek ere kaleratu dituzte langileak. Horiek altzarigintzan. Eraikuntzan kinkan dabiltza Ederra eta Xaxarki, adibidez.

Itxura guztien arabera, Corrugados Azpeitia itxi egingo dute. Aristorenak esan digu Azpeitia ez dela nabarmentzen Urola Kostan besteak baino egurtuago dagoelako. Alabaina, Corrugados itxita  zein izango da panorama? Duela gutxi Argia aldizkariko erreportaje batean Edurne Zubiaren hitzak jaso genituen. Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako arduradun teknikoa da bera. Hark emandako datuen arabera, 2008an gizarte bazterkeria egoeran zeuden 111 familiak laguntza ekonomikoa jaso zuten. 2012an 396 familiak behar izan zituzten era bateko edo besteko laguntzak. Gorakada handia, eta Edurne Zubiaren ustez, “pobrezia orain hasiko da ugaltzen”.