Eusko Jaurlaritzako LABIren Aholku Batzordea ostegun arratsaldean bildu da eta murrizketa gehiago ezarri ditu EAEn. Bi dira nagusiak: maskara nahitaez erabili behar da hiriguneetan, eta "jarduera ekonomiko guztiek" 01:00etarako itxiko dute. Nafarroan berriz, etxeratze agindua zenbait kasutan ezartzeko foru araua osatu du Maria Chiviteren gobernuak, auzitegiak berresteko zain.
Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk neurri murriztaileagoak iragarri ditu pandemiaren gorakadari aurre egiteko. Bi dira neurri nagusiak: maskararen erabilera derrigorrezkoa izango da hiriguneetan, eta ,jarduera ekonomikoak 01:00etarako itxiko dira.
LABIko teknikariak ostegun goizean bildu dira eta horren ondoren egin dute bilera Aholku Batzordeko kideek, 16:30ean hasita eta Urkullu buru zutela. Bileran covid kasuek azken aste eta egunetan izandako bilakaera aztertu dute, hain justu, pandemia osoan egun bakarrean izandako kasu positibo gehiena zenbatu da ostegun honetan: 1.801 lagun. Hala ere, ospitaleratzeetan ez da nabaritu gorakada hori eta zainketa berezietan dauden pertsonen kopurua egonkor mantentzen da, nahiz eta uztailaren 7tik hona ia bizkoiztu egin den.
Urkulluk azaldu duenez, bi faktore aztertu dituzte, bata, gazteen arteko transmisioa oso handia dela, interakzio handia dagoelako eta txertaketa maila txikiagoa dutelako, baina bestetik, 65 urtetik gorakoei egindako kaltea txikiagoa dela.
Hortaz, hauek dira neurriak, laburrean:
- Maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da transitoa duten hiriguneetan.
- Jarduera ekonomikoak 01:00etatan itxiko dira.
- Barne aforoak mugatuko dira %35era astelehenetik aurrera, kultur, gizarte eta bestelako esparruetan.
Dekretua bihar, ostiralarekin sartuko da indarrean.
Nafarroan, etxeratze agindua
Bestalde, Nafarroako Gobernuak eskatu du asteburuetan eta "jaiak" ospatzen diren udalerrietan etxeratze agindua ezarri ahal izatea. Nafarroako Auzitegi Nagusiari bidaliko dio eskaera, honek aurreko foru araua atzera bota ondoren.
Neurria, 14 egunetan 100.000 biztanleko 250 kasu baino gehiago atzeman dituzten udalerrietan hartuko litzateeke. Javier Remirez gobernuko bozeramaileak azalu duenez, auzitegiaren irizpideetara moldatzen saiatu dira oraingoan. Auzitegiak baiezkoa emanez gero, foru araua asteburu honetan indarrean egotea nahi du Nafarroako Gobernuak.