argia.eus
INPRIMATU
Pentsionistak kalean
Urkulluk eta Barkosek ezin dute beste aldera begiratu
  • Euskal pentsionisten etengabeko mobilizazio masiboek ezin dituzte Hego Euskal Herriko arduradun politikoak axolagabe utzi, Uxue Barkos eta Iñigo Urkullutik hasita. Ezin dute Madrilera begiratu eta ezikusiarena egin, arazoa beraiena ez balitz bezala.

Juan Mari Arregi 2018ko martxoaren 22a

Urkulluk eta Barkosek erantzukizun handia dute, euren eskumenekin milaka euskal pentsiodunen ordainsari miserableak hobetu ditzaketelako. Badakite Madrilek, Mariano Rajoy buru duela, ez dituela pentsionisten eskakizunak aseko. Alargunen gutxieneko pentsioak baino ez ditu ukituko, jasotzen duten kopuru eskasa apur bat igoko du besterik gabe.

Bi lehendakariek badakite euren lurraldeetako 200.000 pertsonek 300 euroko alarguntza pentsio negargarriak edo 700 euroko pobreziaren langatik azpikoak kobratzen dituztela. Europako Gutun Sozialak 1.080 euroko gutxieneko pentsioak ezartzen ditu. Urkulluk agintzen duen erkidegoaren kasuan diputazioek 1.200 milioi euro gehiago bildu dute aurten. Eta Barkosenaren kasuan diru bilketa ona izan da baita ere. Testuinguru horretan, zergatik ezin da onartu euskal erakundeek Estatuko miseriazko pentsioak osatzea, kontuan izanik europar gutunak hori eskatzen duela? Urkulluk eta Barkosek ondo dakiten bezala, gutxieneko pentsioak DSBE eta antzeko laguntza bidez osatzen segitzea erabat urria da: 1.080 eurotik oso urrun, pentsioak hutsalak dira hala ere.

Pentsioak duintzea lehentasun kontua da, aberastasuna banatzeko orduan jartzen dena. Oinarrizkoa da kalean dauden pentsionisten aldarrikapenak entzutea, denak oso arrazoizkoak eta onargarriak baitira. Borondate politikoa besterik ez da behar.