argia.eus
INPRIMATU
Urkulluk espetxe politika aldatzeko eskatuko dio Rajoyri
  • Euskal presoen eskubideen aldeko Bilbon egindako manifestazio jendetsuak hainbat erreakzio utzi ditu. 115.000 pertsona bildu zirela zabaldu dute hainbat hedabidek, eta beraz, Euskal Herrian egindako manifestaziorik jendetsuena izan daiteke Bilbon asteburuan egindakoa. Batak eta besteak esan dutena bildu dugu.

Jon Torner Zabala @jtorner 2013ko urtarrilaren 14a
Milaka lagun bildu zuen larunbatean Bilbon egindako manifestazioak (Arg: L. Arbelaitz)

Manifestazioaren biharamunean, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak SER irratian adierazi zuen "beste espetxe politika bat" eskatuko diola Mariano Rajoy Espainiako Gobernuako presidenteari. Euskal presoak Euskal Herriko kartzeletara gerturatzearen alde agertu da eta Urkulluren hitzetan, EAEko kartzelen eskumena Eusko Jaurlaritzak izan beharko luke. Lehendakariak esan du errespetua diela manifestazioan parte hartu zuten milaka eta milaka lagunei, baita "joan ez ziren Euskal Herriko ia hiru milioi lagunei ere".

EH Bilduk, bestalde, herritarrak zoriondu ditu, "giza eskubideen, bakearen eta konponbidearen aldeko mobilizazio erraldoia burutzeagatik". Koalizioko ordezkarien hitzetan, "guztiaren gainetik aldarrikapen eta mandatu argi bat utzi digu atzoko mobilizazioak: dispertsioarekin amaitu behar da, salbuespenezko espetxe politikarekin amaitu behar da, euskal presoei dagozkien eskubideak errespetatuak izan behar dute".

Ez dirudi, ordea, Espainiako Gobernuak bere politika aldatuko duenik. Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroak La Razón egunkariari eskainitako elkarrizketan esan duenez, presoek ez dute onurarik jasoko, ezta ETA desegingo balitz ere, urrats hori ematea "eskubide Estatuarekin duen betebeharra delako". Bere hitzetan, "egindako delituengatik ari dira zigorra betetzen presoak". Zentzu horretan, Borja Semper Gipuzkoako PPren presidenteak Radio Euskadin esan du PPri ez zaiola axola "zigorrak non betetzen diren, betetzea baizik". Dioenez, "dispertsio politikak presoak ETAren aurrean defendatu nahi zituen; ETAk berak egiten die min gehien presoei". PPko kidearen hitzetan, "dispertsioa ETArengatik hasi zen eta ETArekin desagertuko da". Zuzenbidezko estatuak ez duela amnistiarik onartzen gaineratu du, "horrek ez baikaitu gizartean pertsona hobeak egingo".

PSE-EEren arabera presoen auzia ez da kalean konponduko, espetxeetan baizik. Halaber, ezker abertzaleari eskatu dio ez ditzala bere erantzukizunak gainerakoen gain utzi. Sozialistek diotenez, espetxeetan 600 preso baino gehiago daude "mundu horrek justifikatu egin zuelako; biolentziaren apologia egin zuen eta gazte asko terrorista bihurtzera bultzatu zituen".