"Pandemiaren ondorio gogorrenak jasaten ari diren familiei laguntzea da orain lehentasuna, estaldura profesional sozio-sanitarioa indartzea da, adineko pertsonak eta ahulenak artatzea", adierazi du Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak igandean, Pedro Sánchez Espainiako presidenteak erkidegoetako buruekin deitutako bileran.
Bideo-konferentziaz emandako hitzaldiari egungo egoeraren balantzea eginez ekin dio Urkulluk. Azaldu duenez, kutsaduraren kurbaren bilakaerak, altak ospitaleratzeak baino handiagoak diren ospitale-balantzeak eta ZIU oheen okupazio-erritmoak joera aldaketa positiboa deskribatzen dute.
Gaineratu du beharrezkoa dela "normaltasunera itzultzeko plan" partekatu bat, konfinamendutik eta jardueraren etenalditik modu mailakatuan irten ahal izateko. Azaldu duenez, zirkulazio, garraio, enpresa, hezkuntza, aisia, kirol-esparru edota kultura-jardueraren agertokiak irekitzeko "suspertze mailakaturako egoerak" aurreratu behar dira. "Bi aste gehiago ditugu plana prestatzeko", esan du.
Hain justu, Espainiako Gobernuak alarma egoera apirilaren 26ra arte luzatzeko erabakia babestu du, eta ekonomiaren jarduera etetean "malgutasunez" jokatu izana eskertu dio Pedro Sánchezi.