Urkullu: "EH Bildu kontziente zen egoeraz. Ez dut ikusi hautagaitzarik erretiratu duenik"

  • Lehendakariak “oportunismoa” egotzi dio EH Bilduri Eusko Jaurlaritzaren ikasturte berriko lehen kontseilu bileraren ostean. Espainiako Gobernuari, abertzaleak mespretxatzea.


2016ko abuztuaren 31n - 11:36
Eusko Jaurlaritzako kideak, ikasturte berriko lehen gobernu kontseiluaren aurretik. Erdian, Iñigo Urkullu lehendakaria. [Argazkia: Irekia]

Ohi bezala, Donostian elkartu dira Eusko Jaurlaritzako kargudunak uda osteko lehen gobernu bilera egiteko. Haren ostean, egoera politikoaz mintzatu da Iñigo Urkullu lehendakaria. Bi gai nagusiz aritu da Urkullu: Arnaldo Otegiren inhabilitazioaz, eta Espainiako bigarren hauteskundeek utzitako egoeraz.

Otegiren auzian “oportunismo politikoz” aritzea egotzi dio EH Bilduri, Berriak argitaratu duenez. Lehendakariaren esanetan, prozesu juridiko tekniko bat egoteak eztabaida oro baztertzen du. Gogorarazi du Otegik prozesu horren emaitza onartzeko asmoa agertu zuela, eta horren aurrean Jaurlaritzak “egitekorik ez duela” azaldu du.

Urkulluren arabera, Otegik esan zuen beste inori aurkeztea galaraziz gero bera ez litzatekeela aurkeztuko, eta horren inguruan ere aritu da: “EH Bildu kontziente zen egoeraz. Ez dut ikusi hautagaitzarik erretiratu duenik”. Lehendakariak azpimarratu du “Bateragune auziko kausa eta ondorioen aurka” egon dela beti.

EH Bilduko hautagaiak eskaintza luzatu zien larunbatean Ahal Dugu eta EAJri, Nafarroa-EAE harremanen egoera aldatu eta Madrilek erabakitze eskubidea onartu dezan ahalegintzeko. Urkulluren asmoak, baina, bestelakoak dira: “Ez dugu fronterik nahi”. Urkulluk esan du EAJ erabakitze eskubidearen alde dagoela, eta Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldera eramana dutela gaia: “Euskadi eraikitzen jarraituko dugu”.

“Trantsizioaren espiritua hiltzen ari da”

Ciudadanosek eta PPk Espainiako presidentetzarako inbestidura saioan Mariano Rajoy babesteko sinatu duten akordioa arbuiatu du Urkulluk. Bere esanetan, akordioak “lege uniformizatzaileak” dakartza, eta kezkatuta agertu da bi alderdiek “idatzi ez, baina esandakoekin”.

Horrez gain, lehendakariaren arabera Ciudadanos eta PPk “estatua indartu nahi dute, autonomien gainetik”, eta salatu du “trantsizioaren espiritua hiltzen” ari dela. “Abertzaleok estatu paper bat bete dugu trantsizioaren garaitik gaur arte. Eta orain mespretxatu egiten gaituzte”.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak
MAPA | Zer bozkatu dute zure bizilagunek?

Apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan zure auzoan zer indar politikok irabazi duen jakiteko, mapa honetan aurkituko dituzu udalerrietako distritu eta sekzioen emaitzak.

[[hauteskundeak distrituak zabala 2024 A21 eusko-legebiltzarra]]


Eguneraketa berriak daude