Urkullu: "Aldebikotasunaren bidez akordioak lortzeko eredua da Euskadi"

  • Eusko Legebiltzarreko Politika Orokorreko Plenoan, Iñigo Urkullu Lehendakariak Kataluniako egoera zeharka soilik aipatu du eta ez du erabakitzearen eskubidearen aldeko aipamenik egin. EH Bilduko parlamentariek demokraziaren aldeko kamisetak dituzte soinean.


2017ko irailaren 21an - 09:49

Nazioarteko analisian lau gako aipatu ostean "Estatuaren lurraldatasunaren ereduaren gatazkari era eraikitzailean heldu ez izana akats larria" dela adierazi du. Lehendakariaren arabera "ezin da ulertu Espainiako Gobernuaren geldotasuna edo geldikeria". Legezko eta akordiozko itunaren alde egin du, baina ez du erreferendumaren, eskubide zibilen edo erabakitzearen eskubidearen gaineko inolako aipamenik egin.

Elkarrizketaren bidea babestu du, eta EAEn akordioren alde egindako lanak goraipatu ditu. Bere iritziz "agertoki berri bat lortu dugu, aldebikotasunak bere esparruaren zati bat berreskuratu du".

Espainako Gobernuarekin itun ekonomikoa eta kupoaren negoziazioa jarri du Lehendakariak akordioen eredu gisa. "Aldebikotasunak, ulermenak, elkar ezagutzak eta legezkotasunak aukera ematen digute akordio itun berri bat lortzeko, Euskadiren eta Estatuaren harremanenei dagokionean".

Autogobernuaren Ponentzia

Krisi ekonomikoaren gaineko hainbat orokortasunez gain, xehetasunak ematen saiatu da Urkullu Autogobernuaren auzian. "Euskal nazioaren berezitasunak" aitortuko dituen estatus berria proposatu du, eta Estatuarekin balizko akordioa aldebikotasunean oinarritu behar dela errepikatu du.

Itun ekonomikoa eta politikoa oinarri izan behar duen estatutu berriak, Espainiako Estatuan den lurraldetasunaren krisiari irtenbidea eman beharko liokeela iritzi du, eta jakinarazi du elkarrizketa abiatu "nahi duela" Espainiako Gobernuarekin.

Herritarrek beren iritzia defendatzeko eta erabakitzeko eskubidearen alde egin du amaieran, "baina legalitate printzioaren barruan egiten bada, soilik". Zuzenean Katalunia aipatu gabe, bermerik gabeko galdeketa bat ez duela babestuko adierazi du.

Bizikidetza

Bizikidetza Planari dagokionez "indarkeriarik gabeko lehen belaunaldia garela" uste du Urkulluk, baina oraindik "amaiera ematen jakin" behar dela. Preso politikoen gaiaz, sakabanaketarekin bukatu behar dela adierazteaz gain, lau oinarri edo baldintza jarri ditu: norbanakotza, gizatasuna, kaltearen aitortza eta birgizarteratzea.

Biktimen alorrean, ekimenak biderkatu behar direla guztien sufrimendua arintzeko, eta biktima guztiei zor zaien begirunea eta erreparazioa aipatu ditu.

ETAren armagabatzean Frantziako eta Espainiako Estatuek izandako jarrera txalotu du.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iñigo Urkullu
Analisia
Trantsizio energetikorako ekuazioaren bila

"Ez nire etxe ondoan”, horretan laburbildu zituen Iñigo Urkulluk, bere hitzaldian, berriztagarrien auzian Eusko Jaurlaritzari egiten zaizkion kritikak. Berekoiak ikusten gaitu; ez diogu erronkari behar bezala begiratzen, eta ez gara gai interes orokorra... [+]


Alderdi Egunean, Ortuzarrek azpimarratu du EAJ ez duela "inork" dagoen tokitik mugituko

Alderdi Eguna ospatu du EAJk igandean, Forondan. Andoni Ortuzarrek azpimarratu du EAJri "berriz ere ilusioa piztea" dagokiola, baita errealitate eta erreferente berrietara irekitzea ere.


Aterik itxi gabe, Espainian hoztasunez jaso da Urkulluren proposamena

Urkullu lehendakariak konbentzio konstituzionalaren proposamena egin du Espainiako Estatuan autogobernuaren eztabaidan sakontzeko eta estatu plurinazionalaren egiazko aitortza egin dadin.


Iñigo Urkullu "kezkatuta", AHTk konexiorik ez duelako izango 2042 urtera arte

EAEko lehendakariak Kantabria, Asturias eta Galiziako presidenteak deitu ditu bilkura batera, besteak beste, egoera aztertzeko abiadura handiko trenak Hendaian oraingoz konexiorik izango ez duela-eta.


Eguneraketa berriak daude