argia.eus
INPRIMATU
Uribarrin urperatutako herrietatik bota zituztenak omendu dituzte
  • Ur azpian utzitako herrietatik joan behar izan ziren 600 pertsonen omenez jarri dute oroigarria urtegiaren begiratokian, "ez ditugu inoiz ahaztuko urperatutako bizitzak", adierazi du Arabako ahaldun nagusiak.

Jon Fernández González 2025eko uztailaren 29a
Ulibarri Ganboako urtegian ezarri duten plaka. Arabako Foru Aldundia

50. hamarkadan Zadorra ibaiko urak Uribarri Ganboako urtegia betetzen hasi zuen, Francok ireki zuen 1958an. 600 pertsona inguru mugiarazi zituzten laborantza lur gehienak urak estali zituelako. Horren aurrean, biztanleak beste herrietara mugitu behar izan ziren edo gehienen kasuan Gasteizera joan ziren. Egun, 74 pertsona inguru daude bertan erroldatuta.

Ulibarri Ganboako urtegia eraikita baina hutsik. Photo Araba
Ulibarri Ganboako urtegia eraikita eta urez beteta. Photo Araba

Omenaldia egin dute, eta monolito bat jarri dute urtegiaren begiratokian

Astelehenean, 67 urte geroago, Arabako Foru Aldundiak etxea eta sorlekua utzi behar izan zituzten pertsona eta ondorengoentzat egin du omenaldia. Arabako ahaldun nagusiak Ramiro Gonzálezek adierazi du herrietako biztanleek, "ausardiaz eta sakrifizioz utzi zituztela etxeak", eta "beste komunitate batzuei mesede egingo zien garapen ekonomikoaren onurarako, aurrerapenak ez ditu ahaztu behar haren eraikitzaileak". Horri esker Bilbo Handian eta Gasteizko Hirigunean ur nahikoa dagoela adierazi, eta euskal ingeniaritzaren lorpen handia izan zela, baina aldi berean sakrifizio handia suposatu zuela aipatu du.

Monolitoa jarri dute urtegiaren begiratokian, eta haren plakak honakoa dio: "Leku honetan, gaur egungo Barrundia, Arrazua-Ubarrundia eta Burgeluko herriak erabat edo partzialki urperatuta egon ondoren, 1947tik 1957ra bitartean beren etxeak, eta lurrak eraldatuta, eta Uribarri Ganboako urtegiaren eraikuntzak haien bizitzak aldatuta ikusi zituzten pertsonak eta familiak gogoratzen ditugu, baita obretan hil ziren langileak ere. Haien historiak denboran iraun dezan behar dugu, gure oroimen kolektiboa eta gure aurrekoen ondarea gordetzearen garrantzia gogoratuta".