Donostiako Udaleko Memoria Historikoaren Aholku Batzordeko sinbologia frankistari buruzko lantaldeak prentsaurrekoa eman du astelehen goizean udaletxean, bi proposamenen berri emateko: Urgulleko Jesusen Bihotza eskulturari buruzko bat eta eraikin pribatuetako sinbologia frankistari buruzko beste bat. Lantaldea martxoan osatu zuten, eta Donostiako Genozidioaren Biktimen Elkarteak, Aieteko Lantxabe auzo elkarteak, LAB sindikatuak, Gotzon Garmendia memoria historikoan adituak, EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak osatzen dute —Markel Ormazabal (EH Bildu) eta Arantza Gonzalez (Elkarrekin Donostia) zinegotziek hartu dute hitza prentsaurrekoan—. Asteazkenean (hilak 4) bilduko da Memoria Historikoaren Aholku Batzordea —EAJ eta PSE-EE ere horren parte dira, besteak beste—, eta bertan egingo dituzte proposamenak.
Jesusen Bihotza eskulturari dagokionez, lau proposamen zehatz egingo dizkio lantaldeak batzordeari: estatuko administrazio orokorrari eskatzea eskultura sar dezala “memoria demokratikoaren aurkako sinboloen katalogoan”, eskulturaren 75. urteurrena ez ospatzeko (aurten da urteurren hori), eskulturan “inolako birmoldaketa edo konponketarik” ez egiteko eta Urgulleko gazteluaren “jatorrizko izaera berreskuratzea”.
Zehazki eskultura botatzea eskatzen ari ote diren galdetuta, lantaldeko kideek azaldu dute aholku batzordeari eskatuko diotela “dokumentazioa eta egoera aztertzeko eta hartu beharreko erabakiak hartzeko”, baina gogorarazi dute egun indarrean dauden memoria demokratikoari buruzko legeek (estatukoa, 2022koa eta EAEkoa, 2023koa) aukera gisa planteatzen dutela sinbolo frankistak botatzea edo kentzea.
Dokumentazioa
Lantaldearen arabera, argi ondorioztatu daiteke eskulturak “erregimen frankista eta haren ideologia nazional-katolikoa goraipatzeko sinbolotzat hartzeko ezaugarri eta baldintza guztiak betetzen dituela, memoria historiko eta demokratikoaren guztiz kontrakoa”. Hori aho batez ebatzi du lantaldeak, aipaturiko bi legeetan ez ezik, eskulturaren ezaugarriei buruzko dokumentazioa eta 1939ko maiatzaren 31ko udal bilkurako aktan oinarrituta.
Akta hori prentsari helarazi diote —hemen irakur dezakezue—, eta bertan irakur daiteke udalak 100.000 pezeta jarri zituela monumentua eraikitzeko. Era berean, zera jartzen du aktan, besteak beste (gaztelaniaz): “Gurutzada Nazionaleko martirien uko egite heroikoa adierazpen handi batean betikotu nahi duen ekimena, aldi berean altxamenduaren espiritu funtsean erlijioso mugikor guztia jasoz, bi aldiz sinpatikoa da; izan ere, idazkian adierazten den bezala, ideia bati forma eta arnasa ematen dio, alkateak udaletxeko balkoietatik aldarrikatutako asmo bati”. Baita honako hau ere: “Lehendakari jaunak adierazi duenez, Caudillo Franco probidentzialaren agindupean Espainia eta Europa boltxebikeen inbasiotik salbatu dituzten gure soldaduengatik egiten dugun guztia gutxi irudituko zaigu beti, haien heroismo, ukazio eta sakrifizioei esker, bake eta oparotasunaro batez goza dezakegulako eta Espainiako Inperio handia berrezartzea ikus dezakegulako, baina bizirik atera zirenek gure opariak merezi badituzte, beren odola isuri eta Espainiaren eta Francoren aldeko borroka zelaietan eta Gora Kristo Errege-ren garrasiari esker, merezi dute gure betiereko errekonozimendua eta miresmena”.

Era berean gogorarazi dute eskultura Pedro Muguruza arkitektoarena dela, erregimen frankistarentzat beste hainbat lan entzutetsu egin zituenarenak. Besteak beste, Erorien Harana eta Bilboko Bihotz Sakratua ere bereak dira. Hori guztia dela eta, proposamenetatik harago, hirian Urgulleko eskultura ospetsuaren inguruko “eztabaida bat ireki” nahi dutela nabarmendu dute, herritarrek “kontzientzia har dezaten” eskultura horren jatorri frankistaz.
Lantaldearen proposamenen berri izan eta gutxira, astelehen honetan bertan, balorazioa egin du PPko bozeramaile Borja Corominasek, dokumentazioa alde batera utziz eta monumentua frankista dela “asmakizuna” dela esanez: “Donostiako muturreko ezkerrak, Ahal Duguk eta EH Bilduk, denbora asko daramate Jesusen Bihotza-rekin bukatzeko proposamenak aurkezten. Aitzakia gisa, diote sinbolo frankista dela, frankismoan zehar eraiki zelako; astakeria bat da. Molestatzen dituena da sinbolo katoliko bat izatea, hirian gailentzen dena. Beraiengatik izango balitz, Artzain Onaren katedrala eta Donostiako beste edozein parrokia eta eliza ere botako lukete; ez dauka ez hanka eta ez buru”. Ildo horretatik, nabarmendu du espero duela udal gobernua ere “tontakeria hauen” aurka agertzea, hirian “giro txarra” baino ez dutelako sortzen eta “ezker zaharkituaren instintu baxuenak apelatzen dituelako”.
Eraikin pribatuetako sinboloak
Donostiako Udalak badu hiriko eraikin pribatuetako sinbologia frankistari buruzko katalogo bat, baina, lantaldeak azaldu duenez, “zaharkituta” dago, sinbolo batzuk dagoeneko ez daudelako eta katalogoan ez dauden batzuk —Falangearen plakak, besteak beste— agertu direlako urteotan, besteak beste, eraikinetako fatxaden birgaitzeen ondorioz.
Hori dela eta, katalogo hori berritzeko eskatu dute bigarren proposamenean. Zehazki, katalogoan dauden elementuek eraikinetan jarraitzen duten egiaztatzeko, berriak katalogoan txertatzeko eta, “legeek ezartzen duten moduan, ezabatzeko” eskatuko dute.
Eneko Goia: "'Jesusen Bihotza' eraikitzeko iniziatiba 36ko gerraren aurrekoa da"
Urgulleko Jesusen Bihotza eskultura «erregimen frankista goraipatzeko» sinboloa dela ebatzi du Donostiako Udaleko Memoria Historikoaren Aholku Batzordeko Sinbologia Lantaldeak. Astelehen goizean agerraldia egin zuten udaletxean, bi proposamenen berri emateko: Urgulleko Jesusen Bihotza eskulturari buruzko bat eta eraikin pribatuetako sinbologia frankistari buruzko beste bat.
Horren harira, Eneko Goia alkateari gaiaren inguruko iritzia emateko eskatuko diote asteartean, Tokiko Gobernu Batzorde osteko prentsaurrekoan. “Bakoitzak jakingo du zerk duen premia eta lehentasuna hiri honetan. Dena dela, ez nago ados azaldu duten ikuspuntuarekin”, adierazi du Goiak.
Jesusen Bihotza eskultura Donostiaren skyline-aren parte dela defendatu du, eta aspalditik dela hiriaren ezaugarri bat. “Noski, bere historia du, baina interpretazioak hainbat dira. Bere garaian analisi bat egin zen, eta ondorioztatu zen eskultura eraikitzeko iniziatiba 36ko gerraren aurrekoa zela”, azaldu du alkateak. “Udal gobernu frankistak eman zion gerora esanahia frankista hori”, gaineratu du.
Haren ikuspuntua argudiatzeko, beste eredu bat jarri du: “Nafarroa hiribidearen izena udal gobernu frankistak aukeratu zuen, frankistak hirira handik sartu zirelako. Egun, ordea, ez dugu horrela ulertzen, eta beste esanahia bat dauka”.