argia.eus
INPRIMATU
Urgentzia ekologikoari eta larrialdi sozialari erantzuteko alternatiben sarea
  • 2014an Genevan eta 2015an Madrilen egin ziren topaketei jarraipena emango diete Bilbon, aste bukaera honetan, Nazioarteko III. Topaketa Ekosozialisten bitartez. Egungo erronka ekosozialen aurrean, alternatibak eraikitzeko xedearekin, behin behinean, 160 atxikimendu lortu ditu Bilboko ekimenak eta, 300 lagunek ziurtatu dute jada parte-hartzea. 

Uriola.eus @uriolaeus 2016ko irailaren 20a

Ez da hutsetik sortzen den topaketa. Mugimendu politiko, sindikal eta sozialetako kideak ditu atzean. Eta horietako batzuk gaurko aurkezpenean adierazi duetenez, Euskal Herrian "ekintzaile belaunaldi berri bat" eta "erresistentzia forma desberdinak" jaiotzen ari dira. LABeko Arantzi Sarasolak Euskal Herriko Eskubiden Karta eta Alternatiben Herria bezalako ekimenak aipatu ditu aurrekari bezala. 

Irailaren 23an arratsaldez hasiko diren Nazioarteko III. Topaketa Ekosozialistek egitarau zabala daukate, ostiral arratsaldean hasi, larunbatean jarraitu eta igande eguerdian amaituko diren ekintzekin. ELA sindikatuko Mikel Novalek Topaketa Ekosozialistetan egongo den "aniztasuna" azpimarratu du. 

Honezkero 300 inguru dira topaketetarako izena eman dutenak, baina kopuru honek gora egingo duelakoan daude antolatzaileak, oraindik zabalik dagoelako izena-emateko aukera.

Saio batzuk plenarioan egingo dira eta beste batzutarako tailerren formatua erabili da. Lau ardatzen arabera antolatu dira tailerrak:

Eredu produktiboa, zaintza eta enplegua

Elikadura burujabetza

Energia burujabetza

Ekitate soziala eta lurraren defentsarako hezkuntza 

Eztabaidarako bi ardatz proposatu dituzte. Lehenengoa, "urgentzia ekologikoaren eta larritasun sozialaren aurrean trantsizio ekosozialistak" eta bigarrena "Troika ala Europako herriak: demokrazia, burujabetza eta justizia soziala".

Sistema kapitalistaren "eraldaketa sakona" ardatz duen herritarren gehiengoaren babesa lortu nahi dute eztabaidaren bitartez, eta gehiengo horrek "bere gain har dezala" eraldaketa sakona. Horretarako, mugimendu politiko, sindikal eta sozialetako kideek jakin badakite lana koordinatzea eta mobilizazio eta lan amankomunak programatzea funtsezkoak direla. "Beste batzuen artean, COP-21 delakoaren ondorengo eta Europarako B Planaren ekimenetatik eratorritako mobilizazioen agendetan koordinatu eta bertan txertatu nahi dugu geure burua", aipatu dute antolatzaileek. 

Topaketetarako, nazioarteko eta Euskal Herriko hainbat hizlari gonbidatu dituzte, hala nola, Maxime Combes, Elizabeth Peredo, Iñaki Barcena, Manuel Gari, Daniel Tanuro, Maria Eugenia Rodriguez Palop, Sandra Ezquerra, Luis Gonzalez Reyes, Gorka Bueno, Yayo Herrero, Isabel Otxoa, Dominique Saillard, Alfons Perez, Tchenna Maso, Jorge Riechmann, Amaia Etxabe, Alba del Campo, Eric Toussaint, Juan Hernandez Zubizarreta edota Mario Zubiaga.